Presoen Aldeko Taldeen oharra:
Gaixo larriak eta kondena beteta duten presoak kalera!
Azken hilabeteetan Espainiar eta Frantziar estatuek abiarazitako gerra estrategiaren ondorioak egunero sufritzen ditugu euskal herritarrok; argi dago beraien helburu bakarra ezker abertzalea jipoitu eta desagerraraztea dela.
Estatuek ezker abertzalea suntsitzeko duten erabaki hau ez da kalean bakarrik sumatzen; euren eskuetan dauden 700 euskal preso politikoek zuzen-zuzenean jasaten dute.
Honela, euskal preso politikoei dagozkien eskubide guztiak errespetatzen ez diren arren, bereziki larriak dira gaixotasun larriak dituzten presoen eta kondena beteta izan arren kartzelan bahituta jarraitzen duten presoen kasuak.
Kode penalaren 92. artikuluak esaten duena beteko balute gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoek kalean egon beharko lukete. Baina beraien legeak bete beharrean kartzelan mantetzen dituzte hauen biziak arrisku larrian jarriz. Gotzone Lopez de Luzuriaga gasteiztarra adibidetzat har genezake: espetxeak berak burututako txostenean honen kaleratzea eskatu arren barruan jarraitzen duelarik.
Euskal herritar abertzale eta ezkertiarrak kartzeletan nahi gaituzte. Honegatik, euskal preso bakar bat ere kaleratua izan ez dadin estatuak lege berriak sortzen ari dira; lege hauen bidez bizi osorako espetxe zigorra praktikara eramanez. Hamarnaka dira kondena oso-osorik beteta izanda ere espetxean jarraitzen duten presoak.
Euskal Herriak bizi duen gatazka konponduko bada, ezinbestekoa da euskal preso politikoen eskubide guztiak betearaztea, honenbestez gaixotasun larriak dituzten presoak eta kondena beteta dutenak berehala kaleratzea exijitzen dugu. Eta dagozkien eskubide guztien jabe izanik euskal preso guztiak euskal herriratzea.
Presoen Aldeko Taldeak