"Aldundiak erabakia hartu ala ez" hasiko dira Begoñako gazteluko hotela egiten

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 28a, 20:49

Algortako Begoñako gazteluko galeriak eraitsi eta beste berri batzuk eraikitzeko, Barcelo enpresak Getxoko Udalari egindako proposamena dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak babestutako eraikinaren gaineko erabakia hartu arte itxaron beharko dela adierazi du Imanol Landa alkateak. “Proiektua aurrera atera nahi dugu. Baina, arazo nagusiak dira galeriek aguantatzen duten ala ez, lanak hasi eta eraikina lurrera eror daitekeen edo hori ez gertatzeko lehenago neurriak indarrean jarri beharko diren”, gaineratu du udal agintariak. Alabaina, horren ostean kazetariei egindako adierazpenetan, "Aldundiak erabakia hartu ala ez", lanak otsail edo martxoan hasiko direla aitortu du Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak. "Euste-horma egiten hasiko gara; mendi-hegalari eusteko berdin-berdin egin beharko da, galeriak bota ala ez", azaldu duenez. Labein enpresari agindutako ikerketak galerien egoera txarra egiaztatu du eta dagoeneko txostena eskuetan du foru erakundeak. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Arregi eta Landa, galerietara gaur egindako bisitan.

Barcelo enpresak Begoñako gazteluko galerietan "eraikiko duen" bost izarretako hotela "jauzi kualitatibo eta kuantitatibotzat" jo du Imanol Landa Getxoko alkateak. “Hotelarekin Getxo biziago, dinamiko eta ekintzailearen aldeko apostua egiten dugu, udalerria bizitegi gunea baino gehiago izan dadin", adierazi du agintariak. Getxoko Udalak abiatutako ekimena, udalerrian azken hamarkadetan izan den inbertsio pribaturik handiena izango da, 40 milioi eurokoa hain zuzen ere. "Gainera, 100 lanpostu sortuko ditu; guzti hori, getxoztarrek euro bat gastatu gabe eta balio erantsiarekin, 50 urteko emakida igaro ondoren Udalera itzuliko baita”, aipatu du Landak. Alkatearen hitzetan, “Getxo munduko hotelen eskaintzaren barruan egotera lagunduko du eta Kirol Portuak, Portu Zaharrak eta Bizkaiko Zubiak, osatzen duten gune estrategikoa sustatuko du, dirudunak erakartzeko eta baita gurutzontzietatik jaisten direnei aukera eskaintzeko ere. Laburbilduta, Getxoko eskaintza turistikoan jauzi kuantitatiboan izango da eta udalerrian aberastasuna sortzeko jauzi kualitatiboa ere”.

Oposiziokoekin pozik

Imanol Landak PPek eta PSE-EEk erakutsitako jarrerarekin "pozik" agertu da, batez ere, “proiektu estrategikoak Getxorako duen garrantzia dela eta, ostiraleko udalbatzan proposatuko diren Hirigintzako Antolaketarako Plangintza Orokorra (HAPO) aldaketak onartzeko asmoa agertu dutelako jada". Aldaketak galerien ondoan “spa” bat, Kirol Portuan sartzeko biribilgunean ke-irteera bat (hotelaren sabaian lorategi publiko bat egingo baita) eta “Loro” izenez ezagutzen den zelaian solairu bakarreko aparkalekua (ez da hotelaren azpiko bi solairukoa eraikiko, hasieran aurreikusita zegoen bezala, hori egiteko dagoen zailtasun teknikoagatik) eraiki ahal izateko izango dira. EB-Aralarrekin ere harremanetan daudela esan du Landak, "alderdi guzti-guztiak proiektu honetan ados egoteko”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun