Figueroaren eta gainontzeko preso gaixoen askatasuna aldarrikatuko dute bihar Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 29a, 17:46

Hilabeteko azken ostiraleko mobilizazioekin bat eginez, Etxerat elkarteak ostiral honetarako, azaroak 30, deitutako elkarretaratzean bat egitera deitu ditu auzotarrak Anjel kalera! herri ekimenak. Preso gaixoen askatasuna aldarrikatzea izango dute ardatz biharko kontzentrazioek. Kode Penalaren 92. artikulua aplikatuz, gaixotasun larriak dituzten gainontzeko euskal preso politikoak eta Anjel Figueroa algortarra bera ere kalean uztea eskatuko du auzotar ugarik azaroaren 17an abiatutako ekimenak. Horrenbestez, elkarretaratzea, 20:00etatik aurrera izango da, Algortako Telletxe plazan. Argazkian, azken ostiral batean, Figueroaren askatasunaren aldeko aldarria / Etengabe.

"Preso guztiei dagokie osasun eskubidea, baita euskal preso politikoei ere. Gaur arte bost euskal preso politiko hil dira kartzelan hainbat gaixotasunen ondorioz eta beste zazpi gil dira gaixorik kaleratu ondoren. Anjel Figueroak bezala gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten beste hamabi euskal preso politiko daude. Horiei ere, 92. artikulua aplikatu behar zaie, hau da, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak baldintzapeko askatasunean kaleratzea aurreikusten duen legearen aplikazioa", azaldu dute Anjel kalera! herri ekimeneko kideek. Horrekin batera, urriko polizia operazioan atxilotu zituzte gazteetatik, Josu Rodriguez (Berango) eta Txomin Gezuragaren (Algorta) egoeraz ohartarazi dute, "gaixotasun larriak izanik, eurei ere osasun eskubidea zor zaielako".

Langraitzera heltzear

Aste hasieran iragarri bezala, Anjel Figueroa preso politiko algortarra larunbatean eraman zuten Kordobako espetxetik Valdemorora (Madril), Langraitzera berriro bueltatzeko asmoz. Atzo Burgosen egin zuen gaua eta gaur zen heltzekoa Langraitzera. Baina informazio hau idazterako unean, Anjel kalera! herri ekimenak ez du konfirmatzerik izan hori horrela den ala ez. Etxetik hurbilago izateak albiste ontzat hartu daitekeen arren, presoaren osasun egoeraz kezkatuta agertu dira senideek. Gaixotasun larria eta sendaezina dauka Figueroak: epilepsia temporala eta eskuinaldeko esklerosi mesiala. Orain gutxi beste foku bat aurkitu zioten medikuek ezkerreko lobuluan. Dagoeneko Kordobara bidean hiru atake epileptiko izan zituen preso algortarrak. Bere egoeraz kezkatuta, sinadura bilketa ere abiarazi du herri ekimenak. Biharko elkarretaratzean bertan sinadura orriak banatuko dituzte, "bakoitzak konpromisoa hartu eta sinadurak bil ditzan".

Uribe Kosta eta Erandio

Hilero bezala, bihar, hileko azken ostiralerako, hainbat kontzentrazio deitu du Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak Euskal Herri osoan. "Gaixoak eta espetxe zigorra bete dituztenak askatu! Euskal Presoak Euskal Herrira, dagozkien eskubideen jabe!" aldarrikapen nagusiaren harira, Uribe Kostan zortzi hitzordu izango dira: 19:30ean, Armintzan, bus geltokiaren aurrean; 20:00etan, berriz, Erandion, metro aurrean; Leioan, Boulevardean; Itzubaltzeta / Romon, Xake plazan; Algortan, Telletxe plazan; Berangon, Gudari enparantzan; Sopelan, udaletxe aurrean eta Urdulizen, BBVAren aurrean. Elkarretaratzearen ondoren, Algortako Amnistia tabernan eta Itzubaltzeta / Romoko Branka herriko tabernan presoen aldeko taloak egingo dituzte. Orotara, Uribe Kosta eskualdeko eta Erandioko 38 herritar dago Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako espetxeetan. Kontutan hartu behar da baita, Irantzu Gallastegi berangoztarrak alaba ere baduela espetxean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun