Behargin bat zauritu da Getxon lan istripuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 29a, 17:54

Getxo udalerriko behargin bat zauritu zen atzo goizean elizatean beharrean zegoela izan zuen lan istripua zela eta. C.E.A. 44 urteko langilea igogailuaren zulotik behera erori zen, DYA elkarteak jakinarazi duenez. Elkarte horretako medikuek istripuaren lekuan bertan artatu ostean, behargina Gurutzeta ospitalera eraman zuten. Langileak pronostiko erreserbatua duela zabaldu dute. Bestalde, LAB sindikatuak hainbat mobilizazio antolatu ditu etzirako, "Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietateak eta azpikontratazioak hil egiten dute!" lelopean. Sindikatu abertzaleak gogoratu duenez, "107 langile hil dira aurten, eta kopuru hau urtez urte eta ia aldatu gabe errepikatzen zaigu Euskal Herrian: 2004an, 105; 2005ean, 112; 2006an, 129". LABen aburuz, heriotza "gehienak" lan egoera eta baldintza prekarioekin zein azpikontratazioekin lotuta daude: "arazo estruktural baten aurrean gaude, ez behin-behineko zerbaiten aurrean". Mobilizaziorik gertuena Bilbokoa izango da, arratsaldeko 5:30ean, Jesusen Bihotz plazan. Argazkian, apirilaren 27an egindako lanuztea dela eta, LABk Algortan egindako elkarretaratzea / Koska irratia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun