Logelak eta Gosek azken lanak aurkeztuko dituzte etzi Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 29a, 18:30

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren laguntzaz, Udagoieneko Ostera kultur zirkuituaren zortzigarren edizioak azken emanaldia izango du larunbat honetan, abenduak 1. Hain zuzen, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugeniako karpapean izango da saioa: Logela eta Gose taldeek ikuskizun multimedia eta musika eskainiko dute, 20:00etatik aurrera; “Mokaua” eta “Gose” diskoak plazaratuz, hurrenez hurren. Bestalde, bihar, ostiralarekin, Egizu Getxo euskaldun! elkarteak antolatutako sakeleko telefono bidezko mezu eta bideo lehiaketaren sariak banatuko dituzte, 20:00etatik aurrera, Algortako Kasinoan. Ordu bete beranduago, II. Euskara Showa kultur arteko karaokea egingo dute bertan, Getxoko Euskal Kulturaren Jardunaldien barruan. Argazkian, "Mokaua" ikuskizuna / Gaztesarea.

"Mokaua" Logela Multimediaren azken ikuskizuna da. Bertan, Logela Multimediak kaleratu duen CD-DVD-ko edukinak taularatzen dira; abangoardiko irudiak eta musika. Hiru musikarik abestiak jotzen dituzten bitartean bideo jockey batek irudiak nahasten ditu zuzenean, musikari dimentsio berri bat emanez. "Mokaua" ikuskizun multimediaren ezaugarri nagusiena interakzioa da; musikariak pantaila erraldoi garden bateko irudietan integratzen dira, eta musika, irudiak eta mugimenduak zuzenean sinkronizatzen dira. Ez da kontzertu soil bat, 11 abesti eta 5 esketx umoretsu biltzen dituen ikuskizun multimedia koloretsua da.

Gose

"Gose” izenburuko diskoa, "Eutsi!" filmako kantu nagusia, Carlinhos Brown kantariaren teloneroa, hainbat kontzertu estatu osoan zehar eta beste hainbat gauza txiki da Gose. Elektro-jazza, tangoa, sehaska kantua, afro-braziliar perkusioak panderoarekin batuta batukada eginez, technoa, punka eta hard corea, arin-arina; baina ororen gainetik trikiaren mundua eta sekuentzia elektronikoen energia ahots goxo eta liluragarri batek lagunduta. Gose taldeak euskal trikiaren kultura irauli egiten du. Testuak lizunak dira, askatasun osoz esandako esaldiak, eta aginduan dagoen botere kulturalak horri pornoa deitzen badio, pornoa izango da, bada.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun