Aralarren oharra:
Historian lehen aldiz euskarari legezko babesa ematen dion Euskararen Legeak 25 urte bete ditu, baina urrun gaude oraindik EAEn eta urrunago beste euskal herrietan, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzetik. Oraindik ere, ez da posible euskara gizarte alor guztietan normaltasunez erabiltzea.
Euskararen Legea aurrerapauso handia izan zen, baina ematen dituen baliabide guztiak ez dira betetze-bidean jarri. EAEko herritarroi Administrazioarekin euskaraz (ere) jarduteko eskubidea aitortzen digu, baina 25 urte geroago, gaztelaniaz egin dezakegu nonahi, Asteasun edo Sestaon, baina euskaraz egiteko eskubidea Administrazioak berak ere, ez du oraindik erabat bermatzen toki eta erakunde askotan.
Oro har, euskal hiztunei euskara erabiltzeko eskubidea bermatzen ez dieten administrazio publikoetako atal asko daude oraindik, baita atentzio zuzena ematen dutenak ere. Horrek, euskara normaltasunez erabili ahal izatea nabarmen oztopatzeaz gainera, EAEko hiritarren zati handi baten diskriminazio onartezina eragiten du, beren hizkuntza-eskubideak ukatzen direlako.
Legeak tarteko helmuga izan behar luke soilik, tresna bat besterik ez, euskararen normalizazioan aurrera egiteko. Beste lege batzuk ere badira –funtzio publikoarena, esaterako; 1989koa– EAEko hiritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzen lagun dezaketenak. Bien arteko moldaketak, puntuala bada ere, normalizazioari bultzada handia eman liezaioke.
Euskal hiztunek administrazioaren atal batzuetan jasaten duten diskriminazioari azkena eman beharra diote botere publikoek, ahalik eta arinen. Hortaz, Aralarrek proposamena luzatu nahi die, EAEko hiritar guztien hizkuntza eskubideen berdintasunaren alde dauden eragile guztiei eta bereziki Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden taldeei, beharrezkoak diren legezko aldaketak susta ditzaten.
Aralarrek Funtzio Publikoaren 6/1989 Legea aldatzeko proposamena egingo du Eusko Legebiltzarrean herritarren hizkuntza-eskubideak are gehiago bermatze aldera, eskatuta herritarrekin harreman zuzenean dauden langile guztiak epe baten barruan elebidunak izan behar dutela. Hori gauzatzeko, 6/1989 Legeari, ondoko puntua gehitzea eskatuko dugu:
Lege aldaketa proposamena
Funtzio Publikoari buruzko legearen V. kapituluaren 97. artikuluari gehitzeko:
9. puntua Euskal Administrazio Publikoek eta beren menpeko erakundeek, herritarrek aukerako hizkuntza ofiziala erabiltzeko eskubidea bermatuko dute eurekiko harremanetan; hartara, aurreko ataletan zehaztutakoez gainera, jendaurreko lanpostu guzti-guztietan derrigortasun datak ezarriko dira 2010eko mugarekin, gehien jota ere.