Paul Asensio atxilotzeko agindua eman dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko aza. 30a, 17:12

Europa Press eta Efe albiste agentziek zabaldutakoaren arabera, 18/98 auziko 46 lagun atxilotzeko agindua eman du gaur Espainiako Auzitegi Nazionalak, "ihes egiteko duten arrisku handia" eta epaia kaleratzeko "dataren gertutasuna" (baliteke abenduaren 10ean ateratzea sententzia) argudiatuta. Askatasunak jakinarazi duenez, jakin badakite, dagoeneko Alberto Frias, Elena Beloki, Txema Matanzas, Javier Salutregi, Javi Balanzategi, Joxe Mari Olarra, Mikel Korta, Iñaki O'Shea, Juan Mari Mendizabal, Jose García Mijangos, Iker Casanova, Natale Landa, Manu Intxauspe eta Olatz Egiguren atzeman dituela Espainiako Poliziak; baita Mario Zubiaga eta orain hilabete gutxi kaleratua izateari utzi zion Jexuxmari Zalakain EHUko irakasleak ere. Atxilotuak izateko agindua jarri dietenen artean Paul Asensio (argazkian) ere badago. Algortarrarentzat 9 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak, Ekineko kide izatea leporatuta.

2005eko azaroaren 21ean hasi zuten 18/98 auziaren epaiketa, Madrilen. 52 euskal herritar epaitu dituzte, "Egin" egunkarian, Ekinen, Xaki, Joxemi Zumalabe Fundazioan edo beste enpresa batzuetan aritzeagatik. Urte eta erdi iraun zuen epaiketak, eta "ETAko kide izatea edo hari laguntzea" egozten diete; delitu ekonomikoak ere leporatzen dizkiete. 4 eta 19 urte arteko kartzela zigorrak eskatzen dituzte haientzat. Alabaina, Maite Mendiburu, Marta Perez, Oiakue Azpiri, David Soto, Jaime Iribarren eta Jose Ramon Antxia ez omen dituzte atxilotuko. Baina auzitegiko iturriek ohartarazi dutenez, "horrek ez du esan nahi zigorra jasoko ez dutenik". Auzitegi Nazionalak auziaren inguruan emango duen epaia oso garrantzizkoa izango dela esana dute auzipetuek. "Euskal herritarren eskubide zibil eta politikoetan izango duen eraginagatik izango da garrantzizkoa epaia". Auzipetuak bloga jarri zuten martxan duela aste batzuk.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun