Giza Inmuno-eskasiaren Birusa (GIB) Mundu guztira zabaldutako gaitza dugu gaur egun, eta nahiz eta gehienbat herrialde pobretuetan pairatu, planeta honetako gizon eta emakume guztiei eragiten die, nola baserri aldean, hala hirialdeetan; bereizketarik egin gabe arraza, sexua, adina edo sexu-joera dela-eta. HIESAren ondorioak gizarte-eremura zabaltzen baitira, osasun-eremutik haratago. Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) kalkulatzen da, GIB epidemia 1984an hasi eta 2007aren amaiera bitartean, 10.000 lagun inguru kutsatu direla. Horietatik 5.279k HIESa garatu dute, eta hildakoak 3.069 dira, Eusko Jaurlaritzak helarazitako datuen arabera.
Horiek horrela, honela dio Eusko Legebiltzarrak:
1. Bere elkartasuna azaltzen die GIB eramaile diren gizaki guztiei, baita pandemia hedatzearen aurka borrokatzeko prest dagoela adierazi ere. Horregatik, Legebiltzar honek konpromisoa hartzen du abenduaren 1ean, urtero, Legebiltzarreko leku nabarmen batean, begizta gorri bat ipintzeko, eta administrazio publiko guztiei eskatzen die horixe egin dezatela.
2. Eusko Jaurlaritza garapen lankidetzaren eremuan egiten ari denari babesa ematen dio, eta herrialde behartsuei laguntzeko IAVE eta ONUSIDA erakundeekin sinatutako hitzarmenen bidetik jarraitzeko animatzen du, bai GIB-HIES prebenitzerakoan, bai tratatzerakoan.
3. Ados gaude, Eusko Jaurlaritza gure autonomia erkidegoko ikastetxeetan burutzen ari den jarduera hauek burutzen jarraitzearekin: GIB-HIES ezagutzera ematea, hori kutsatzeko moduak jakinaraztea, birusa daukatenei errespetua eta elkartasuna eskaintzen irakastea eta GIB kutsatzea saihesteko moduak erakustea.
4. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila eta Osasun Saila (HIES Prebenitu eta Kontrolatzeko Zentroa) egun ikastetxeetan garatzen ari diren hezkuntza-programei eusten die, eta Eusko Jaurlaritzari gure autonomia erkidegoko udal eta aldundiekin hitzarmenak sinatzeko eskatzen dio, programa horiek gure autonomia erkidegoko udaletako liburutegietan, kultura-zentroetan eta aisialdirako lekuetan abian jartzeko. Sexu-heziketako programa horiek, informatu eta prebenitzeaz gain, GIB-HIESari eta sexu-transmisiozko bestelako gaixotasunei buruzko ezagupenak hobetuko dituzte, sexua babestua izan dadin behar diren trebetasunak garatzea bultzatuz.
5. Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio gure autonomia erkidegoan GIB-HIESa hedatzea eragozteko neurriekin lotutako proiektuak aurkezten dituzten erakunde eta elkarteei diru-laguntzak eman diezazkiela, osasun eta lankidetzako erakundeek onetsi ohi dituzten irizpide zientifikoen arabera.