Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzako zuzendariak ere nabarmendu du BIGEk euskararen erabilera ikastetxeetatik kalera ere irtetzeko duen erronka, eta Erandiora, euskarara hurbiltzera deitu ditu erandioztar eta uribe kostar guztiak bihar izango baitute euskara erabiltzeko "aukera paregabea". Era berean, "Pixka bat es mucho" kanpainaren bidetik, animatu du erdal mundutik euskarara hurbiltzera eta, bestalde, "etxeko euskara" erabiltzen dutenei ere hori kaleratzea eskatu die.
Bestalde, BIGEk orain dela 30 urte Donostian egindako "6 ordu euskaraz" ekimena berpizteko egindako lan eskerga gogoan hartu du Gotzon Lobera Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Sustatzeko zuzendari nagusiak. Gainera, "12 ordu euskaraz" ekimenaren lehenengo bi edizioetan izandako eguraldi txarra Bilbon geldituko dela iragarri du. Azkenik, Erandio udal berria dela, "gazte jende asko dabil, hain zuzen", eta euskararen etorkizunaren jokalekuetariko garrantzitsua da Loberaren ustez.
Egitaraua:
Altzagan
- 9:30ean, jaiaren hasiera, Irailaren 23a plazan.
- egun osoan zehar, "Euskal pilota herriz herri" erakusketa udaletxeko erakusketa gelan.
- egun osoan zehar, Informaziogunea euskarazko materialei, Erandioko Euskara Zerbitzuari, gazte informazioari eta eskoletako proposamenei buruz, Irailaren 23a plazan.
- 10:00etan, umeentzako jarduerak eta puzgarriak, Panpotx kultur elkartearen eskutik, metroaren zelaigunean.
- 11:00etatik aurrera, Gau Txoriak taldearen erraldoiak eta dultzaineroak.
- 12:00etan, baserriko jolas eta jokoak, Kulkiren eskutik, Irailaren 23a plazan.
- 13:00etan, "Bertsotranpak" bertso-antzerkia, Ander Lipus, Andoni Egaña eta Fredi eta Xabi Payarekin, Merkatu zaharrean.
- 17:00etan, "Zirko iluna" Hortzmugaren antzez lana, Merkatu zaharrean.
- 18:00etan, "Sorginak" Golokaren kale antzerkia.
- 19:00etan, erromeria Aiko taldearekin, Irailaren 23a plazan.
Astrabuduako Josu Murueta plazan:
- 10:00etan, ludoteka erraldoia eta puzgarriak, Geppettoren tailerraren eskutik.
- 11:00etan, kale animazioa Txatunga Benbe taldearen eskutik, herrian zehar.
- 12:00etan: Kiki, Koko eta Moko pailazoak.