Errepresioaren aurkako erakundeak salatu duenez, "duela 30 urte demokrazia ekarriko omen zuen prozesua egin zuten Espainiako Estatuan, baina 30 urte geroago gaur egun Euskal Herriak bizi duen egoerak argi erakusten digu norainoko iruzurra egin zioten herri honi. Espainiak tresna errepresibo guztiak erabiltzeko apustua egin du independentziaren aldeko borroka amaitzeko. Gatazka konpontzeko inolako borondate politikorik ez du. Oinarrizko eskubide demokratikoak ukatzen dituzte atxiloketa hauek. Euskal Herrian lan politiko eta soziala egitea ukatua dago. Dei egiten dugu gaurko eta egunotako mobilizazioetara agertzeko".
Askatasunaren oharra.
Duela 30 urte demokrazia ekarriko omen zuen prozesua burutu zen espainiar estatuan, baina 30 urte geroago gaur egun Euskal Herriak bizi duen egoerak argi erakusten digute norainoko iruzurra egin zioten herri honi.
Burgoseko prozesutik 37 urtera, oinarri bera duen epaiketa ezagutu du Euskal Herriak. Herri oso baten aurkako epaiketa, demokrazia batean baino benetako salbuespeneko egoera batean kokatu behar duguna.
Espainiar estatuak tresna errepresibo guziak erabiltzeko apustua egin du independentziaren aldeko borrokarekin amaitzeko. Kasu honetan espainiar justizia izan da norabide honetan militante independentistak epaitu eta atxilotu dituena.
Errepresio estrategia bortitzaren aldeko hautua egin dute estatu zapaltzaileek, gatazka konpontzeko inolako borondate politikorik ez dutela argi erakutsiz. Bide baketsuetan ideia guziak aurrera eramatea posible denaren beraien ohiko mezua hankaz gora utzi dute beste behin ere. Eta honek agerian uzten du estatua bera jakitun dela herri honetan konpondu gabeko gatazka politiko bat dagoela.
Oinarrizko eskubide demokratikoak ukatzen dituzte atxiloketa hauek, edozein demokraziatan eskandalu politiko izugarria suposatuko lukeen eskubideen ukazioa hain zuzen ere.
Euskal Herrian lan politiko eta soziala egitea ukatua dago, eta Euskal Herriak izan behar du zapalkuntza guzi honi aurre egin behar diona. Inoiz baino gehiago herri bezala kalera ateratzeko garaia da.
Dei egiten dugu gaur herriz herri burutuko diren mobilizazioetara agertzera, baita datozen egunetarako deituko diren protestetan modu aktibo batean parte hartzera ere.