"Gaurkoa inoiz ahaztuko ez dugun egun horietako bat da", adierazi du hitza hartu bezain laster Mitxel Sarasketa preso politiko ohiak. Lehenik eta behin, osasun egoera larrian dagoen Anjel Figueroa algortarraren egoeraz ohartarazi du. Presoa atzo bertan heldu zen Langraitzeko espetxera, larunbatean Kordobatik atera eta Valdemoron (Madril) eta Burgosen gauak eman ondoren. Figueroaren osasun egoera ezagututa, leku aldaketak ekar ditzakeen ondorioak nahikoak ez balira, "Langraitzera heldu eta bertoko funtzionarioekin izandako tira-biraren ondorioz preso arriskutsuentzako ziega batean sartu dute, oherik ere ez daukan ziegan", larritu da Sarasketa. Algortarrak epilepsia tenporala eta eskuinaldeko esklerosi mesiala dauka eta, orain gutxi, beste foku bat aurkitu zioten ezkerreko lobuluan. "Kartzelak ez ditu betetzen duen gaixotasunarekin bizitza bermatzeko behar dituen bizi baldintzak. Are gutxiago, bakartuta edukita", salatu du Sarasketak.
Bostetan atxilotua
Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, 18/98ko auziperatuen aurka gaur zabaldutako polizia operazioa ere izan du hizpide Mitxel Sarasketa preso politiko ohiak. Arratsaldean zehar komunikabideek eta Askatasunak berak Paul Asensio atzeman dutela jakinarazterik izan ez duten arren, algortarra 17:00ak inguruan atxilotu dutela baieztatu du Sarasketak, Barrikako bere etxean hain zuzen ere.
Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, arratsaldeko bostak aldera atxilotu dute, Barrikako bere etxean, Paul Asensio 18/98ko auziperatu algortarra. Bestalde, Anjel Figueroa gaixotasun kroniko eta sendaezina duen Algortako preso politikoa atzo heldu zen Langraitzeko espetxera, baina bertoko funtzionarioekin izandako tira-bira baten ondorioz, bakartuta daukate. Bitartean, Telletxe plazan burutu den hileko azken ostiraleko elkarretaratzean, berrehun lagundik gora batu dira. Hasiera batean, kontzentrazioa, Figueroaren eta gainontzeko preso politiko gaixoen askatasuna aldarrikatzeko izan behar bazuen ere, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz gaur Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak atxilotutako herritarrak present egon dira berton: "18/98 auziperatuak kalera!" irakur zitekeen pankartari eutsi diote hainbat auzotarrek. Argazkian, arratsalde osoan egon da zintzilik Telletxen Figueroaren aldeko pankarta erraldoia.