Euskal Herriko eragile politiko eta sozial gehienek gogor gaitzetsi dute Espainiako Auzitegi Nazionalak 18/98 auziko 46 lagun atxilotzeko agindua eman izana, Berria.info agerkariak jazo duenez. Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak burututako atxiloketen atzean "ultzada politiko" argia dagoela salatu, eta 18/98 auziak eskubide zibil eta politikoak urratu dituela gaitzetsi dute, besteak beste, Batasuna, EAJ, EA, Ezker Batua, Aralar, Nafarroa Bai eta Eusko Abertzale Ekintza alderdiek, ELA eta LAB sindikatuek eta 18/98+ lan taldeak. EAEko PPk, berriz, begi onez ikusi ditu atxiloketak eta bide hori jarraituz gero "ETAren amaiera gertuago" egongo dela ziurtatu du. Bestalde, atxiloketen aurrean kalera atera eta mobilizatzeko deia egin diote gizarteari Batasunak, ELAk, LABek, 18/98+ lan taldeak, Eusko Abertzale Ekintzak, Bai Euskal Herriari ekimenak eta Iratzarri Aralarreko gazteriak. Baita Askatasunak ere.
"Eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso zuzentzat" jo ditu atxiloketak 18/98+ lan taldeak. Euskal Herria Bere Eskolak (EHBE), berriz, 18/98ko auzipetuak "Euskal Herriaren alde lan egiteagatik zigortuak" izan direla adierazi du. Alandabe, "Euskal Herriaren aldeko mugimendua ezingo dute inoiz geldiarazi", erakundearen hitzetan. Azkenik, "proiektu jakin bat babesten duten milaka herritar terrorista izendatzea onartezina" dela salatu du Udalbiltzak.
18/98+ lan taldearen oharra:
Gertatutako 46 atxiloketa hauen aurrean 18/98+ lan taldeak arbuio eta haserrea baino ezin ditu azaldu. Eskubide zibil eta politikoen aurkako eraso zuzena da; sumario honen epaiketak iraun duen 17 hilabeteetan salatzen aritu garenaren ondorio latza.
Atxiloketa hauek epaia ezagutu gabe eman dira; gure ustez aurrez idatzitako sententziaren erakusle baino ez dira. Ezin dugu aipatu gabe utzi pertsona hauei eragiten ari zaiena, gehitutako zigorra alegia.
Salatu nahi dugu baita ere atxiloketa hauekin ematen ari den joku mediatikoa. Berriro ere gertatu da komunikabide batzuek, auziperatuek eta hauen abokatuek baino informazio gehiago izatea.
Une honetan hau besterik ezin dugu esan, gure irakurketa falloa edo sententzia kaleratzean egingo dugu prentsaurreko baten bitartez".
EHBEren oharra:
18/98 epaiaren aurrean, honakoa adierazi nahi du EHBEk:
EHBEren ustez, 18/98 auzi osoaren helburua Euskal Herriaren aldeko herri mugimendua kriminalizatzea izan da, euskal herritarron eskubide zibil eta politikoak larriki urratuz. Hori dela eta, 18/98 plataformatik eginiko deialdiekin bat egin eta euskal hezkuntza komunitatea datozen egunotan antolatuko diren ekimen ezberdinetan parte hartzera deitu nahi dugu. Euskal Herriaren alde lan egiteagatik zigortu dituzte, baina Euskal Herriaren aldeko mugimendua ezingo dute inoiz geldiarazi. Azkenik, Euskal Herriak Bere Eskolak bere elkartasunik eta goxotasunik bero eta tinkoena helarazi nahi dio auziperatu eta euren senideei.
Udalbiltzaren oharra:
Atzoko egunean 18/98 epiketako euskal herritarren aurako atxiloketa eta epaiaren sententziaren gaineko filtrazio etab. gainean Udalbiltzak honakoa adierazi nahi du.
Udalbiltzako gogor salatu nahi du euskal herritar hauen aurkako eraso eta espetxeratzeak, eta gogortasun berarekin salatu nahi du gure herriaren eraikuntza kriminalizatu, ilegalizatu, epaitu eta kondenatzea. Gure herriaren eraikuntzaren aurkako eraso gisa ulertzen du Udalbiltzak 18/98 zein irekita dauden hainbat auzi.
Helburu politikoen araberako, Espainiako justiziaren azken erabakiek argi utzi dute ez dagoela demokraziarik euskal herritarrentzat. Hori dela-eta, behar-beharrezkoa dugu salatu baino gehiago egingo duen beste esparru bat.
Estatu demokratikoaren kontzeptutik oso urrun kokatzen dira modu honetako auzia garatzen dituena.Euskal Herrian indarrean inposatua dagoen justiziaren oinarria, Frantziako eta Espainiako justizia sistemek, argi eta garbi ukatzen dituzte Euskal Herria eta euskal herritarrak. Berez, ez da euskal herritarrik Frantziako eta Espainiako justizientzat.
Euskal herritarrei salbuespeneko epaitegiak, lege eta legedi bereziak, epai bereziak eta prozedura bereziak ezartzen zaizkie egunero. Atzo bertan ezagutu genuen neurri gabeko jokaldia egoera larri horren azken adibidea dugu. Espainiako Auzitegi Nagusiak ondoko egunetan plazaratuko duen epaiak hori adierazten du. Epai horren oinarrian proiektu aske oso bat landu nahi duen herri sektorea gelditzeko nahia dago, urte luzez Euskal Herri eraikitzeko zutabeak ezartzen aritu den euskal herritarrak geldiarazi nahia, eta berau amaiarazteko helburua.
Erabaki horiek guztiak (eta beste asko) euskal herritarren giza eskubideen urratze larriaren adibideak besterik ez dira. Hori dela-eta, eskubide zibil eta politikoen aurkako urratze guztiak salatzea ezinbestekoa da, eta, horregatik, Udalbiltzak, euskal herritarren eskubide guztien aldeko konpromisoa hartu duen neurrian, argi eta garbi salatu nahi ditu 46 euskal herritar hauen aurkako epai eta espetxeratzeak. Halaber, nazio erakundeak, epaitegien erabakiak ezeztatu eta kaltetuak askatu ditzaten exigitzen dugu.
Salatzeaz gain, ordea, gertaera horiei bide ematen dien egiturazko egoera gainditu behar da Udalbiltzaren ustez. Espainiako zein Frantziako egungo legedien bidez ez dago euskal herritarren eskubideak bermatzerik: ez herria eraiki nahi duten euskal herritarrena, ez Euskal Herria aintzat hartzen duten proiektu politiko jakin batzuk landu eta aldarrikatu nahi dituzten herritarrenak. Euskal Herriak bere burua antolatzeko eskubidea du, eta horretaz baliatu behar du. Ahalmen hori bereganatu eta, giza eskubideei buruzko nazioarteko itunak oinarri, euskal herritar orori Euskal Herri osoan eskubide guztiak aitortu eta erabiltzeko bide emango dion esparru demokratiko berri bat eskuratu behar du, hori baita gatazka politikoa behin betiko gainditzeko era bakarra.
Ideia zein proiektu politiko guztiak berdintasunean babesteko aukera izan behar da. Proiektu jakin bat babesten duten milaka herritar terrorista izendatzea onartezina da. Giza eskubideetan zein askatasun publikoetan oinarrituz, inolako indarkeria, mehatxu, ukazio eta zapalkuntzarik gabeko eremua bermatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu. Hori dela-eta, herritar orok bere jarduna askatasunean gauzatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, eta ez diogu aitortzen inolako botere judiziali milaka euskal herritarri bere eskubide zibil eta politikoak zapaltzeko ahalmena.
Azkenik, nazio erakundeari dagokion ardura politikoari eutsiz, eskubideen urratze larri hau salatzeko asmoz, Igandean Bilboko kaleetan egingo den manifestazioan Udalbiltzako ordezkaritza bat izango dela jakinarazi nahi dugu.