ETAren kontrako operazio batean parte hartzen ari zen guardia zibil bat hil dute eta beste bat zauritu, Frantzian,
Berria.info agerkariak zabaldu duenez. Gaur goizeko bederatzi eta erdiak aldera, Baionatik 25 kilometrora dagoen Capbretongo kafetegi batean zerbait hartu ondoren beren autoan sartzen ari ziren merkataritza zentro bateko aparkalekuan, bi gizonezkok tiroka eraso dietenean. Polizia iturriek agertu dutenez, guardia zibiletako bat, Raul Centeno, segituan hil da, eta bestea, Fernando Trapero oso larri zaurituta geratu da. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak agertu duenez, Trapero hil edo biziko egoeran dago. Frantziako SDATeko Poliziak eta Parisko Terrorismoaren Kontrako Fiskaltzak hartu dute beren gain ikerketa. Hain justu, Frantziako Poliziak ez du argi ETAk estrategia aldatu eta Frantzian atentatuak egiteari ekin dion, edo etakideek poliziaren kontrola saihestearren egin duten tiro. Frantziako Polizia bi gizon eta emakume baten bila ari dela jakinarazi du EiTBk. Argazkian, kontrol ugari jarri dituzte errepideetan.