ISO 9001/2000 kalitate ziurtagiria eskuratu du Erandio Landako San Jose Udal Egoitzak, "egoitza eta eguneko zentro modura adineko pertsonei eskaintzen dien laguntza osoko jardunari dagokionez", tokiko arduradunek jakinarazi dutenez. Duela 22 urte sortutako zentro sozio-asistentziala egoitza mistoa dela esan daiteke, euren kabuz baliatzeko gai direnen pertsonentzat zein beste inoren laguntza behar dutenentzat eskaintzen baitu zerbitzua. San Jose egoitzak 59 egoiliarrentzat dauka lekua, eta horietatik 25 toki (gehienez ere) inoren laguntza behar duten pertsonentzat dira. Eraikin berean ireki zuen Udalak eguneko zentroa, 2006ko martxoan. Horrek 20 laguni eman dakieke zerbitzu eta 26 erabiltzaile izan ditu dagoeneko. Etxez-etxeko laguntza eta egoitzako egonaldien bitarteko baliabidea da eguneko zentroak eskaintzen duena, eta, egunean zehar, denbora tarte batean babesa eta laguntza psiko-fisikoa behar duten pertsonentzat diseinatuta dago. Argazkian, Mikel Arieta-Araunabeña alkatea –eskuinean– ere egon zen eguneko zentroaren inaugurazio egunean.