Urduliz eta Bilboko atsotitzekin apaindu dituzte metro geltokiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 2a, 21:59

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Metro Bilbaok Urduliz, Bilbo eta beste lekuetako esaera zaharrak jarri ditu geltokietako hormetan. Iaz bezala, Metro Bilbaok Euskararen Eguneko ospakizunekin bat egiteko hitza hartu du ardatz, batez ere Iñaki Gaminde filologoaren "Urdulizeko berba eta bizimodu" eta "Bilbotarron euskararen zuzuan" zein Iñaki Gilisasti adituaren "Urduliz aldeko berba lapikokoa" liburuetan zein Paulo Zamarripa ikerlariaren lanean oinarrituz. Garraio enpresaren aburuz, Metro Bilbaok "gizartearekin arduratsu jokatu gura duenez, euskararen jakintza sustatzeko konpromisoa hartu du, bi hizkuntza ofizial dituen gure gizarte honetan elebitasun orekatuari mesede egingo badio". Enpresaren iritziz Euskaltzaindiak Euskararen Eguna instituzionalizatu zuen, "benetako elebitasuna" helburu. Argazkian, iaz Bernardo Atxaga, Miren Agur Meabe, Amaia Lasa Alegria edo Kirmen Uribe bezalako idazleen obra ezagunetako zatiak irakurgai jarri zituen metroak.

Guztira, 115 eranskailu handitan 14 atsotitz izango dira irakurgai metro geltokiko kaietara jaisteko beirateetan, haietako sei Uribe Kosta eta Erandioko geltokietan: "Asto batari bustena kendu, besteari imiñi" eta "Non erromeri, han Santamari", Lutxana, Erandio, Astrabudua, Leioa, Lamiako, Areeta eta Gobelan; "Asto yon ta mando etorri" eta “Agindue bat eta emona bi", Neguri, Aiboa, Algorta, Bidezabal eta Berangon; eta "Ollok otara ta gu lotara" eta "Ai ene pene, inun miñik ez", Larrabasterra, Sopela, Urduliz eta Plentzian. Esaera zaharrak eraskugai izango dira Durangoko Liburu eta Disko Azoka amaitu arte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun