Goizeko 2:40ak aldera, Santander Central Hispano (SCH) bankuak Algortako Kasune kalean duen bulegoan etxe-lehergailu batek eztanda egin du, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak Europa Press albiste agentziari jakinarazi dionez. Leherkaria sukurtsalaren ateen ondoan jarrita zegoen eta horma belztea baino ez du eragin, leherketa desegoki bat dela medio, ertzainen aburuz.Hortaz, kalte ekonomiko handirik ez du eragin. Hau da azken egunotan Uribe Kostan jasotzen den bigarren sabotajea. Aurrekoa pasa den larunbatean izan zen, gaueko 10:30ak aldera, Itzubaltzeta / Romoko Gobelaurre kaleko errotondan. Egun horretan, aurpegia estalita zeramaten hainbat ezezagunek Bizkaibus batera igo, gidaria jaitsarazi eta su eman zioten autobusari, guztiz kiskalita gelditu zena. Imanol Landa alkateak gogor kritikatu zuen ekintza. Argazkian, iaz molotov koktelak jaurti zizkioten Algortako Kasino plazan dagoen Banco Sabadell-eko bulegoari.