Asensio, Zubiaga eta Zalakaini autoa irakurriko diete arratsaldean Auzitegi Nazionalean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 3a, 19:56

Paul Asensio (argazkian), Jexux Mari Zalakain eta Mario Zubiaga arratsaldean zehar Espainiako Auzitegi Nazionaletik pasatzea espero da. Izan ere, Jone Goirizelaia abokatuak jakinarazi duenez, guztira 18/98 auziko 27 presori hitzordua jarri diete gaur 17:30ean, haien atxiloketaren oinarria den 18/98 auziko epaia irakurtzeko. Goirizelaiak azaldu duenez, legez 72 ordutan egin beharreko prozedura da hori. Paul Asensio Algortako semea eta Barrikako auzokidea eta EHUko Erandio eta Leioako campuseko irakasleak diren Jexux Mari Zalakain eta Mario Zubiagarekin batera, honako beste 24 lagun hauek eraman behar zituzten Auzitegi Nazionalera: Alberto Frias, Elena Beloki, Txema Matanzas, Javier Salutregi, Javi Balanzategi, Iñaki O´Shea, Jose Garcia Mijangos, Iker Casanova, Olatz Egiguren, Ruben Nieto, Patxi Gundin, Pablo Gorostiaga, Juan Pablo Dieguez, Xabi Otero, Sabino Ormazabal, Fernando Olalde, Isidro Murga, Mirian Campos, Txente Askasibar, Mikel Aznar, Karlos Trenor, Andoni Diaz eta kartzelan aurretik zeuden Imanol Iparragirre eta Ana Lizarralde. Bestalde, atxilotze agindua zuten 46 auziperatuetatik dagoeneko 39 lagun atxilotu dituzte, beste 3 lagun aurretik kartzelan zeudela jada. Tartean, Espainiako Poliziak Bigarren Ibarra atxilotu du bart. "Gara"ren arabera, Bilboko Indautxu auzoan izan zen atxiloketa. "Berria"k eta "El Correo Español"ek, berriz, Algortan kokatu dute.

Auziperatuek milaka lagunen babesa jaso zuten atzo Bilbon egindako manifestazioan –"Gara" egunkariaren arabera, 25.000 pertsona baino gehiago bildu ziren Aita Donostia plaza eta Bilboko udaletxearen arteko ibilbidean– eta ezker abertzalearen erakunde ezberdinek zein EA, EB, EAJ, Aralar eta ELAk, besteak beste, atxiloketak salatu dituzte eta Zapaterok hauteskundeei begirako ekimen politiko gisa bultzatu dituela nabarmendu dute.

Dispertsioa, lan-uzteak eta EHUko errektorea

Bestalde, datorren asteko ostegunerako, abenduak 13, 12:00ak eta 13:00ak bitarteko ordu bateko lan-uzterako deia egin zuten 18/98+ plataformako kideek.

Bitartean, 18/98ko 20 bat presori dispertsioa aplikatzen hasi zitzaien, atzo, eta horren erruz, hainbat senide gelditu ziren lehenengo bisitarik gabe.

Azkenik, Zalakain eta Zubiaga EHUko irakasleei babesa agertu die Juan Ignazio Perez Iglesias errektoreak. Perez Iglesiasek irakasle biak aspalditik ezagutzen dituela eta Auzitegi Nazionalak leporatzen diena (ETAri laguntza ematea) sinesgaitza dela nabarmendu du adierazpen baten bidez. Irakasle biak ahalik eta lasterren libre izatea espero duela gaineratu du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun