Zalakain eta Zubiagaren askatasuna aldarrikatuko dute bihar goizean campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 3a, 23:17

18/98 auzian prozesatuak eta berriki kartzelaratuak izan diren Jexux Mari Zalakain (argazkian) eta Mario Zubiaga EHUko irakasleen askatasuna aldarrikatuko dute bihar Leioa eta Erandioko campusaren sarreran. Ekimena "desobedientzia zibilarako deialdi" gisa iragarri du Zubiaga eta Zalakainen Askatasunaren Aldeko Irakasle eta Ikertzaileen Batzorde Unibertsitarioak, eta goizeko 8:30ean burutuko da, "Ez naiz altxatuko" lelopean. Esaldi hori Rosa Park AEBetako Alabamako desobedientzialari beltzak ahoskatu zuen 1969an, autobus batean beltzen aurkako apartheid-a ez zuela gehiago onartuko argi utziz, desobedientzia eginez eta eskubide zibilen aldeko borroka grinatsua piztuz. Protestaren deitzaileak diren EHUko Zientzia Politika, Soziologia eta Zuzenbideko hainbat irakasle eta ikertzailek gogora ekarri dutenez, Parken jarduera "agertzen dugu klasean, ikasleekin batera gogoeta egiteko" eta "desobedientzia zibila bide zilegi eta egokia dela" irakasten dute: "horrexegatik, irakasten dugunarekin koherenteak izan behar garela erabaki dugu. Ez garela altxatuko erabaki dugu".

Zubiaga eta Zalakainen askatasunaren aldeko irakasle eta ikertzaileen batzorde unibertsitarioaren oharra:

Ez naiz altxatuko

Desobedientzia zibilarako deialdia: abenduaren 4ean asteartea goizeko 8:30 Leioako campusaren atean, EHUn.

Horixe izan zen Rosa Park anderearen erantzuna, 1969an Alabaman, zilegi ez zen lege baten aurrean, herritar beltzei euren eserlekua zuriei uzteko derrigortzen zuena. Horrela abiatu zen herritar guztien, edozein zela azalaren kolorea, eskubide zibilen aldeko borroka. Estatu Batuetako herritarren berdintasun juridikoa lortu zuen borroka horrek. Desobedientzia zibila ekintza batekin hasi zen borroka hori.

Guk geuk ere, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileok, historiaren pasarte hori agertzen dugu klasean, ikasleekin batera gogoeta egiteko. Irakasten dugu ere pentsalari gehienentzat Zientzia Politikan, Soziologian edota Zuzenbidean, desobedientzia zibila bide zilegi eta egokia dela legeak zilegitasun sozialaren arabera moldatu daitezen. Horrexegatik, irakasten dugunarekin koherenteak izan behar garela erabaki dugu. Ez garela altxatuko erabaki dugu.

Guztiz konbentzituak baikaude gure lankideak diren Mario Zubiaga eta Jesus Maria Zalakain, 18/98 sumarioan prozesatuak, injustuki eta zilegitasunik gabe kartzelaratu dituztela. Jarrera honekin inork altxaraziko ez gaituen estrategia bat abiatu nahi dugu: euren askatasuna lortzea.

Zubiaga eta Zalakainen askatasunaren aldeko irakasle eta ikertzaileen batzorde unibertsitarioa
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun