Neska-mutilei ere zuzenduko zaizkie Getxoko bake kulturaren aldeko jardunaldietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 4a, 16:34

Gaian adituak direnen hitzaldiak, udal langileei zuzendutako trebakuntza ikastaroa, erakusketa bat eta umeentzako ipuin kontalariak izango dira Getxoko Udalak Bitartekotza Komunitarioaren eta Bake-Kulturaren Promozio Planaren barruan dauden eta atzo ezagutzera eman zituzten lau ekimen berriak, datorren astelehenean, hilaren 10ean hasiko direnak. 2005ean, EHUko Gatazka Eraldatzeko Unibertsitate-Zentroak (GEUZ) lagunduta, martxan jarri zen udal egitasmo horren helburua "gure udalerria bakearen aldeko bidean aurrera joatea da, pertsona, familia, herritar eta politika mailan". Antolatutako ekimenen artean aipagarrienetako bat da "bakearen alde eta herritar partaidetzari buruz" egingo diren topaketak. Horiek Algortako kultur etxean, Villamonten, izango dira, abenduaren 11tik urtarrilaren 17ra arte. Interesatuta dauden pertsona guztientzat egongo da zabalik, udal iturrien arabera eta, besteak beste, gai hauek jorratuko dituzte: “Gatakak konpontzeko zentro komunitarioak”, “Bakearen aldeko hezkuntza”, “Herritarren partaidetza” eta “Tokian-tokiko Bake Kultura eta Gaztazken konponketa”. Argazkian, martxoaren 28an, bake kulturari buruzko gida aurkeztu zuten Amaia Agirre GEUZeko kideak eta Iñaki Zarraoa aurreko alkateak.

“Gatazkak konpontzeko trebetasunak eta herritarrak artatzeko laneko bitartekotasuna” izeneko heziketa ikastaroa ere antolatu dute, udaltzainei eta Gizarte Zerbitzuetako langileei bereziki zuzenduta, "bi talde horiek baitira harreman zuzenagoak dituztenak herritarrekin", udal arduradunen hitzetan. Azkenik, abenduaren 22an eta 29an, eta urtarrilaren 4ean, 6 eta 8 urte bitarteko umeek “Bakea ez da ipuina” izeneko zikloaz gozatu ahal izango dute. Ipuin-kontalari sei saio izango dira guztira, euskaraz zein gazteleraz. Bertan "familia barruan hausnarketa egiteko" fitxa didaktikoa ere eskuragarri egongo da etxean bertan lan hori egin ahal izateko. Hori Itzubaltzeta / Romoko kultur etxean, Santa Eugenian, egingo dute eta sarrera dohainik izango da, gonbidapenarekin (bertan jasota).

"Guztion artean"

Capbretonen gertatutako azken atentatua, udalerrian autobus bat erre izana eta emakumezkoen aurkako indarkeriaren kontrako elkarretaratzeak argudiotzat hartu zituen Imanol Landa alkateak, atzoko aurkezpenean, “gaur egun gure euskal gizartean bake kulturaren alde egitea premiazkoa eta ezinbesteko errealitatea" dela adierazteko. "Guztion artean etorkizuneko gizarte integratzailea eratu nahi baldin badugu, giza eskubideak errespetatuz; herritarren partaidetza, aukeren berdintasuna, elkarrizketa eta bide baketsuak izan beharko dira gaztazkaren konponbidearen oinarri”, azaldu zuen udal agintariak. Landaren hitzetan, ”udalerrian bake kultura zabaltzeko lan egiten ari gara, pertsona, familia, herritar, eta politika arloetan eta azken horretan Gobernu Taldea esfortzu handiak egiten ari da harreman politikoetan krispazioa ekiditeko”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun