Abenduaren 10etik 21era arte egongo da Areetako ludotekarako zozketan izena emateko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 4a, 17:09

Abenduaren 10etik 21era arte zabalik izango dute 5 urtetik 12 urtetara bitarteko ume getxoztarrek, Areetako ludotekara joan ahal izateko izena emateko epea. Ludotekak Gabonetako oporren ostean zabalduko ditu ateak, gaur emandako prentsaurrekoan, Koldo Iturbe Gazteria zinegotziak aurreratu duenez. "Kalitatezko heziketa zerbitzua emateko plaza kopurua mugatua izango da. Guztira 100 plaza eskainiko dira, eta horietatik 25 gizarteratzeko zailtasun handiagoak dituzten familietako haurrentzat gordeko dira; gainontzeko 75 plazak zozketa bidez esleituko dira”, gogoratu du udal arduradunak. Tokia eskuratzen dutenei bazkide txartela emango zaie, eta horren arabera honako hauek izango dira 2008ko abuztuaren 31ra arteko ordutegiak: zerbitzua 5 eta 12 urte arteko umeentzako egongo da zabalik, bi begiralek dinamizatuta, eta bere ordutegia, astelehenetik ostiralera bitartean, 17:00etatik 20:00etara izango da, bi txandatan: 18:30ak arte 5 eta 8 urte artekoentzat eta handik aurrera, 9 eta 12 urte artekoentzat. Areetako ludoteka hainbat talde kristauk kudeatuko dute, tartean Eskubeltz eskaut taldeak (argazkian).

Areeta eta Itzubaltzeta / Romon hiru mila inguru inskripzio orri sartu dituzte postontzietan, 5 eta 12 urte bitarteko umeak erroldatuta dauden etxeetan. Izan ere, ludotekaren bezero potentzial gehienak bertan bizi dira, udal iturrien arabera. Inskripzio orriak Herritarrentzako Arreta Bulegoetan (HAB) daude gaurtik, eta edozeinek bete eta eskaera egiteko aukera izango du, ezarritako epean. Zozketa publikoa, berriz, ludotekan bertan egingo dute abenduaren 26an, arratsaldeko 7etan, eta emaitza hilaren 28an emango dute ezagutzera, udal webgunearen bitartez. Sakelako telefonoa eman dutenei SMS bidez jakinaraziko zaie plaza eskuratu duten ala ez.

Tasak, deskontuak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa

Areetako ludotekarako ezarritako "oinarrizko tasa" 40 eurokoa izango da ikasturte osorako. Errenta gutxiko familien kasuan, 10 eurokoa izango da eta, familia ugarien kasuan, 3 seme-alaba dituzten familiek 30 euro ordainduko dute eta lau seme-alaba edo gehiago dituztenek 24 euro. Alabaina, aurten urtarrilean zabalduko dutenez, tasak jaitsi egingo dira kasu guztietan: oinarrizko tasa 30 eurokoa izango da, (7,5 eurokoa errenta gutxiko familien kasuan). Familia ugarien kasuan 3 seme-alaba dituzten familiek 22,5 euro ordainduko dute eta lau seme-alaba edo gehiago dituztenek 18 euro. Ordainketa Getxo udalerriko edozein Herritarrentzako Arreta Bulegotean (Itzubaltzeta / Romokoan abenduaren 17tik aurrera).

Tokia eskuratzekotan, onuradunak bazkidetza egiteko hamar eguneko epea izango du, dagokion tasa ordainduz eta, horrela balitz, gutxiago ordaintzeko bidea ematen dion agiria ere aurkeztu beharko du. Oinarrizko errenta jasotzekotan, Oinarrizko Errentaren, Gizarteratzerako Laguntza Bereziaren edo kotizazio gabeko pentsioaren jasotzailea izatea egiaztatzen duen agiria aurkeztu behar da. Hori Bilboko Nikolas Alkorta kaleko 4. zenbakian eskuratu daiteke. Eskatzailea familia ugari baten kidea bada, berriz, hori egiaztatzen duen txartelaren, familia liburuaren edo jaiotza-agiriaren fotokopia aurkeztu behar da. Informazio gehiago: Gazteria Zerbitzuaren Informazio Bulegoan, 944 910 114 telefono zenbakian.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun