Abendua erakusketa berri batekin abiatu du Sopelako udal aretoak. Oraingoan, Ester Martin Gomezen bitxiak eta akuarelak egongo dira ikusgai, hilaren 15era arte, "Sutileza" izenburupean. “Akuarelaren bidez argiekin jolasten dut, motibo desberdinaz baliatuz, loreak, arrainak, tximeletak, besteak beste. Nahiz eta kolore oso gogorrak erabili, irudiak oso leunak dira”, azaldu du artistak. Martinek mihiseaz gain, gainjarritako oihalak eta kolore nahasketak ere erabiltzen ditu. Ez du inoiz aurretiazko zirriborrorik egiten, azkeneko obran lan egiten du hasieratik. Erakusketa honako ordutegietan bisitatu daiteke: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:30era eta 16:00etatik 21:00etara; larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; eta igandeetan, 10:00etatik 14:00etara.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!