"Ataramiñe07" euskal errepresaliatu politikoen ipuin, istorio, margo, argazki, poema eta koadroak biltzen dituen liburua da. Izen bereko kultur elkarteak urtero argitaratzen ditu euskal errepresaliatuen sorkuntza lanak. Horrez gain, "Zimaren abenturak" liburua ere plazaratu du Ataramiñek, Valladolideko Villanubla espetxean gatibu duten Belen Gonzalez preso lazkaotarraren testuekin eta Pontevedrako A Lamako espetxean dagoen Kepa Etxebarria preso donostiarraren ilustrazioekin. Haurrentzako liburu horrek pirata eta asmatu beharreko misterioen munduan murgilduko gaitu. Gainera, Ermuako Zorion Zamakola euskal presoak (Frantziako Clairvaux espetxean dute) egindako Victor Hugoren "Claude Gueux" liburuaren itzulpena ere argitaratu dute.
"Ataramiñe... kantuz"
"Ataramiñe... kantuz" diskoa joan den ostiralean, azaroak 30, aurkeztu zuten Bilboko Kalderapekon. Olatz Caminos Ataramiñe elkarteko kidea, Mikel Mundiñano "Zato" proiektuaren sustatzailea eta Asier Virumbrales Askatasuneko kidea aritu ziren agerraldian. Beraiekin batera proiektuan parte hartu zuten musikariak erre izan ziren (ez guztiak, baina egon ez zirenak euren babesa adierazi zuten). Caminosek adierazi zuen, CD horrekin Ataramiñek urrats berria ematen duela: "orain arte literatura liburak argitaratu ditugu eta orain, literatura lan horietatik hitzak hartu eta CD bat besapean aurkeztu gara, proiektuan parte hartu duten guztiekin batera", zehaztu zuen. Presoek "euren lanak kaleratzeko zailtasunak" izaten dituztela ere nabarmendu zuen Ataramiñeko kideak. Ildo horretan, "musikarien elkartasun ekarpen hau" eskertu egin zuen. CD honen 4.000 kopia atera dituzte.
"Elkarrekin"
MusikHerria plataformak aurkeztu duen "Elkarrekin" proiektua ere hizpide izan zuen Caminosek. Proiektu horrek duen "garrantzia" azpimarratu zuen, "herri honetan dinamika desberdinetan elkartasun ekimenak" sortzen direla eta "guztien artean egiten den ahalegina presoen hitzak zabaltzera datorrela" goraipatuz. Durangoko Azokara begira kaleratuko duen disko berezia da "Elkarrekin: errepresaliatuak eta musikariak". Disko honetan, musika talde batzuek zenbait errepresaliatu politikoren hitzak, poemak eta gutunak musikatu dituzte. Taldeak: Kop, Anger, Gartzen, El Trono de Judas, Korumbà, Kasu!...; baita Leioa eta Zorrotzako Kloratita ere. Abestien hitzez eta parte hartu duten taldeen zein errepresaliatuen informazioaz gain, errepresioari buruzko zenbait testu ere jasoko ditu diskoaren liburuxkak. Diskoak 6 eurotan egongo da eta lortutako irabaziak errepresaliatu politikoen sostengurako bideratuko dira.