Getxo udalerrian kontsumitzen den marihuanaren erdia "autoekoiztutakoa" da PSE-EEren ustez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 4a, 20:31

Getxo udalerrian kontsumitzen den marihuanaren "%50 baino gehiago norberak ekoiztutakoa da eta ez trapitxeroei erosia, eta hori oso arriskutsua da" bota zuen pasa den Getxoko Udalbatzan Jose Luis Camara PSE-EEko zinegotziak. Izan ere, aipatu ez zituen teknikarien esanetan oinarrituz, Camarak defendatu zuen makina bat marihuana landare topatu daitezkeela udalerriko trastelekuetan, garajeetan edota balkoietan, batez ere gazteek landatuta eta gurasoek "ezagupen faltagatik" utzita. Egoera horrekin bukatzeko mozioa aurkeztu zuen Udalak gurasoentzako informazio kanpaina bat bultza dezan. Udal Gobernuak horrelako eskuorriak badaudela eta gurasoek marihuana zer den dagoeneko badakitela esan arren, Udalbatzak loteslea ez den mozioa onartu zuen PP eta PSE-EEren botoekin. Argazkian, marihuana landare baten artxiboko irudi bat / Choaderboy.

Konstituzionalistek aurkezturiko mozioan, alkoholaren ostean gazteen artean gehien hedatuta dagoen droga gisa aurkezten diren marihuana eta haxixaren epe motzeko eraginak honakoak direla irakur daiteke: "memoria galera, errealitatearen distortsioa, ikastearen oztopatzea, arazoak konpontzea zailtzen du, bizimoduaren erlaxazioa eragiten du, ikasketengatik edo ordaindutako lanagatik interesa apurtzen du, fantasia eta infantilismora joz".

EAJko kideek gogoratu zutenez, eskoletako foroetan parte hartzen duten 700-800 gurasoek hainbat kezka aurkeztu dituzte gazteen inguruan, baina inoiz ez dira kexatu edo galderaren bat egin kanabisari buruz. Batez ere, propio horri buruzko esku-orriak eskura dituztenean. Gainera, teknikarien aburuz PSE-EEk proposatutako marihuana landarea identifikatzeko kanpaina batek eraginkortasunik ez lukeela izango esan zuen Elena Coria zinegotzi jelkideak. Ezker Batuaren arabera, berriz, mozioan Getxoko gurasoak "leloak direla" esaten zen, "edo okerrago, seme-alabek engainatzen dituztela". Biek ala biek gaizki jo zuten PSE-EEk gazteria "errudun bihurtzeko" saiakera "berri hori".

Kanabisa eta kokaina

Gainera, Imanol Landa alkateak PSE-EE eta PPri egotzi zien "gazteei dena leporatzea", gurasoek eta gizarteak egiten dutena kontuan hartu gabe. Era berean, galdetu zien zergatik proposatzen dituzten mozio guztiak gazteei begira egiten dituzten eta alkoholaren kasuan, adibidez, zergatik soilik begiratzen dieten gazteen litroei eta ez helduen kubatei, tabernetan hartzen dituztenak edo, droga munduan, helduen artean hedatuta dagoen kokaina kontsumoari.

Camarak erabilitako argudioen artean, berriz, klasiko bat nabarmendu zen, "droga gogorretara pasatzen den oso portzentaje altuak, ia %100, aurretik kanabisetik igaro duela". Irakurketa "zientifiko" horretan oinarrituta, "landare hori ez dela errugabea" eta "ez dakigun eraginak ere izan ditzakeela" gurasoei esatea defendatu zuen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun