Otero eta Zapiain kenduta, 18/98ko auziperatu guztiak behin-behinean espetxeratzea eskatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 4a, 21:32

"Ez naiz altxatuko" lelopean, hogeita hamar bat irakaslek eta ikaslek eserialdia egin dute gaur goizean EHUko Leioa eta Erandioko campusera sartzeko biribilgunean, 18/98 auzian prozesatuak eta berriki kartzelaratuak izan diren Jexux Mari Zalakain eta Mario Zubiaga unibertsitateko irakasleen askatasuna aldarrikatzeko. Aulkietan eserita eta kate sinbolikoekin kateatuta indarkeria eta desobedientzia zibila bateragarriak ez direla erakutsi nahi izan dute, Eitb24 agerkariak adierazi bezala. Zalakain bera izan zen atzo arratsaldez Angela Murillo epailearen aurretik igaro zen atxilotuetatik ("Berria"-k 15 izan zirela dio; "Gara"-k, berriz, 16) bat, nahiz eta defentsak atxilotze autorik ez zuen. Irregulartasunak bata bestearen atzetik joan arren, Paul Asensio Algortako semea ere deitu zuten deklaratzera. Alabaina, "Gara" egunkariak jakinarazi duenez, Ekin atalean auziperatutako gainontzekoak bezala, epaile eta fiskalaren galderei erantzutera uko egin zion. Irregulartasunak eta gora-beherak tarteko, azkenean, defentsaren protesten ondorioz, bertan behera utzi zuten saioa, gaur arratsaldean jarraitzeko. Gauzak horrela, dagoeneko guztiak Murilloren aurretik igarota, Xabier Otero eta Iñaki Zapiain kenduta (60.000 euroko fidantza) 18/98ko auziperatuak behin-behinean espetxeratzea eskatu du Fiskaltzak. Argazkian, atzo Leioa eta Erandioko campusean izandako elkarretaratzea / Gaztesarea.

Gaurkoan ere "makroepaiketa honetan eskubideen urraketak" ematen ari direla salatu dute 18/98ko auziperatuen abokatuek. Horren adibide, atzoko bistan izan ziren irregulartasunak: abokatuek ez zuten ostiraletik izan beharko luketen autoa esku artean. Ez zuten atxiloketen inolako notifikaziorik. "Uste dugu atxilotze aginduak jasotzen dituen autoa dela, baina hori ere ez dakigu. Alde guztiek dute autoa guk izan ezik", kexu zen Jone Goirizelaia. Epaileak, halere, saioarekin jarraitzen zuen. Fiskalak espetxeratzeak eskatzen, eta abokatuek atxilotuak aske uzteko. Horrela igaro ziren epailearen aurretik Paul Asensio Algortako semea eta Barrikako auzokidea eta EHUko Erandio eta Leioako campuseko irakasle Jexux Mari Zalakain, besteak beste. Azkenean, defentsaren protesten ondorioz, bertan behera utzi zuten saioa, gaur jarraitzeko. Defentsak 22:45ak aldera jaso zuen autoa. Bestalde, gaur baieztatu denez, hilaren 10ean irakurriko du Espainiako Auzitegi Nazionalak 18/98 auziko epaiketaren sententzia. Madrilen emango du Angela Murillo epaimahaiburuak horren berri, Casa de Campon.

ELAk lanuzterik ez

ELAk elkarretaratzea deitu du ostegun honetarako; Bilboko Moyua plazan, Gobernuaren Bizkaiko Ordezkaritzaren aurrean, 12:00etan hasita. Ekitaldi horren bidez, hiru adierazpen plazaratu nahi ditu ELAk: "Elkartasuna agertzea atxilotuekin eta haien familiekin; gainbehera demokratikoari ezetz biribila ematea; eta azkenik, gure Herriaren eskubide kolektiboen alde egiteko modu bakarra -pertsonei inolako erasorik egin barik- borroka zibila eta demokratikoa dela aldarrikatzea. ELAk 18/98 Laguntza Taldearekin hartu zituen konpromisoei eusten die". Hala ere, auziperatuek abenduaren 13rako deitutako ordubeteko lanuztearekin ez du bat egin ELAk, "dei hori 18/98 Laguntza Taldetik kanpo egin baita, inorekin adostu barik".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun