2006ko irailean, itsas-txakurra Saharako El Aaiun-en agertu zen Itsas Artikora joan beharrean, eta horregatik Sahara batailatu zuten. Kanariar Irletan, Tenerifen, artatu zuten orduan eta geroago abioiez Ingalaterraraino eraman zuten, Gweek Itsas-Txakurrentzako Nazio Aterpera, hain zuzen. Bertan egon zen 2007ko urriaren 11ra arte, egun horretan bere bidaiaren abiapuntua zen Eskoziako Orkney herriko uretan transmisore bat jarri eta askatu baitzuten, baina berriro ere, orientazioa galdu eta hegoalderantz jo zuen, eta 2.000 kilometro egin zituen Lea Artibaiko kostaldera heldu arte, leher eginda, fisikoki baldintza kaskarretan eta depresioak jota. Hori dela eta, oldarkor agertu zen Base Gorria ekimen foraleko kideek harrapatu zutenean.
Gorlizko Fauna Basatiaren Suspertze Zentroan sartu zenean, Sahara Zainketa Intentsiboetako Unitatera (ZIU) eraman behar izan zuten, 60 kilo baino ez zituela. ZIUn Iñaki Intxaustik gidatutako talde oso bat zaintzen izan du, suero, antibiotikoak, bitaminak eta abar eman dizkiona. Era berean, hainbat azterketa egin dizkiote Saharari, osasun egoera baieztatzeko. Bestalde, egunero 20 arrain jaten ibili da eta igeritokia eta etxalde bat izan ditu, izotzez inguratuak bera hobeto egokitzeko.