Xabier Kintana: "Edonola ere, edalontzia erdiraino dago"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 5a, 11:49

Euskararen erabilera arautzeko legeriaren eta EITBren sorreraren urteurrenak ospatu dira egunotan. Jendaurreko ekitaldiak, hitzaldiak eta goi mailako adierazpenak egin dira alde batetik, azken hogeita bost urteotan lorturikoa goretsiz. Aldi berean, egindako ahalegina gorabehera, euskarak oraindik gure gizartean daukan egoera kaxkarra bezain kezkagarria azpimarratu dute beste batzuek, eta irakaskuntzako eredu batzuen porrota, zenbait arlo publikotan (lan-hezkuntzan, ertzaintzan, osasunean, epaitegietan eta abar) oraindik ageri diren hutsune larri eta lotsagarriak gogorki salatu.

Lehenek edalontzia erdi beterik dakusate; bigarrenek, aldiz, erdi hutsik. Batzuen baikortasun harroa eta besteen ezkortasun eszeptikoa gorabehera, badirudi bitzuk gauza batean behintzat ados daudela: edalontzia erdiraino dago, edo nahiago bada, edalontzia ez dago oraindik goraino beterik.

Gure inguruko gauza guztiak gero eta hobeto, eta inolako akatsik gabe ikusteko joerak, noski, poza eta esperantza dakar aldean, neurri batez, ahalegin handiko ekintzetan bederen, aurrera segitzeko beti behar izaten dena, baina, horrek, era berean, norberak egindakoa sobera ederresten geldituz gero, nork bere zilborrari begiratzeko nartzisismora eraman dezake, gehiegizko triunfalismora, okerrak zuzentzeko alferkeriara.

Bestelako joerak, kritikoak, aldiz, bidean aurrera segitzeko eta gero eta helburu goragoak erdiestera bultza bagaitzake ere, erakunde ofizialek egiten duten guztia beti gaizki egina dela uste izateak, erremediorik gabe, etsipena dakar, gogaitzea eta proiektu guztiak pikutara bidaltzeko gogoa.

Ene ustez, aurrera segitzeko, egiten ari garenari aldizka begiratu beharra dago, eta ongi egindakoarekin poza hartzeaz batera, txarto edo behar ez bezala irten zaigun aitortu, kritikatu eta lehenbailehen zuzendu, benetan aurrera egingo badugu behintzat.

Bihoakie, beraz, neure txaloak gure politikariei, administrazioei eta bertoko arduradunei orain arte lorturikoagatik, ez baita gutxi izan. Bai, euskal irrati-telebistak baditugu, gure hizkuntzari mesede galanta ekarri eta ekartzen diotenak. Irakaskuntzan ere egindakoa pozik aitortzeko da. Are gehiago, ezer ez egiteaz gainera, sarritan bidean era guztietako oztopoak jarri eta difamazio-kanpainak prestatzen aritu direnak kontuan izanda. Bai, zorionak bihotzez.

Ordea, iragarkietan K larriaz idatzi ohi dugun kalitatearen kontzeptu horri begiratuz gero, argi eta garbi aitortu behar da egin den guztia ez dela hain ona izan. Areago, kasu batzuetan emaitza oso txarra eta tamalgarria izan da, eta hau ere salatu beharra dago.

Euskal irrati telebistak informazioa eta kultura gaiak euskaraz ematen ditu, eta oro har, oso ondo. Denbora ondo pasatzeko eta jolasteko programa dibertigarriak ere bai, baina helburu horrekin eskaini zaigun guztiak ez luke hemendik kanpoan kalitate eta manera onen kontrola inondik ere gaindituko. Ez zait burutik pasatzen, adibidez, Europako telebista publiko homologatu batean edonoiz "mecauendios"-ka jo eta ke dabilen eta oinarrizko gizabidea zer den ez dakien astakilo bati (Orion jaio arren erdara euskara baino hobeto darabilena, derradan bide batez) programa oso bat eskainiko litzaiokeenik, Eskoziako aintzira famatu baten gainean arraunetan nola dabilen erakusteko.

Duela ehun urte gure baserrietako bizimodua nolakoa zen erakutsi nahi duen programa batean (berez interesgarria izan litekeena) ez zaio inolako garrantzirik ematen pertsonaien mintzairari, elkarrizketak sinesgarriak izan daitezen, ez baitirudi, garaiko nekazari-jantziak gorabehera, "konpartitu", "kodaina afilau biarkozu" edo "deputamadre" bezalako perlak errepikatzen dituzten aktoreak garo-giroa islatzeko egokienak direnik, bide beretik aipa litezkeen beste ehundaka erdarakada merke hona ez ekartzearren. Baten bati, antza, "Eten, berriro egin!" delakoa ahantzi zaio, filmaketa egiterakoan.

Badirudi ez dela gehiegikeria musika presentatzeaz beste zereginik ez daukan esatariari euskaraz "disko" (eta ez "diska" frantseskeria) esan behar dela jakitea eskatzea, kirol arloan ari denari ere "partidak jokatu" eta "jokalariak entrenatzen direla" jakitea bezalaxe, horietako ez gutxik oraindik "partiduak jolastu" eta "futbolariek entrenatzen dutela" jo eta ke esaten ibili beharrean, inork hori zuzendu gabe.

Era berean, gure programa komikoetan Peru Abarka eta Chomin del Regato, Francoren garaian, euskaldunez barre eragiten zuelako, hainbeste kritikatzen genuena, berriro biztu dira, eta gaurko giro hiritarra era berriko euskal umorea antolatzen lagundu beharrean, euskara = baserria berdinketa gainditua berrindartzen dute. Artean, kaleko umorea erdara hutsez lantzen ari zaigu: "Vaya semanita", "Esto no es serio", eta abar.

Espainolaren eta frantsesaren eraginpeko yeismoa ("epaie", "langiye", "ibilgaiu", "garaie", "artiye", "maia", "hiyabete", "mutiya"...) gero eta hedatuagoa dago gure esatarien artean, akatsa zuzentzeko, hitz horiek ohiko "l" palataldu gabeaz esatea aski litzakeen arren. Gauza bera esan liteke "j"-ren ebakera jasoaz ere; baina Katalunian ez bezala, badirudi gure artean EITB-ko batzuek ez diotela garrantzi handirik ematen horrelako akats potoloak zuzentzeari.

Izan ere, informazioa, kultura eta dibertsioaz gainera, beste zeregin garrantzitsu bat ere badauka EITBk bere gainean: hizkuntzaren modeloa zaindu eta ikus-entzuleentzako eredu imitagarria izatea, eta hori, noski, ez da lortzen etengabeki forma idatzi zuzenak (oraindik ikusle askok nolakoak diren ez dakitenak) baztertu eta "sirimiri", "earki gatxik" edo "noaoa" bezalako txokokeria aberranteak bultzatuz.

Estudio berriak eta bitarteko material eta tekniko hobeak beharrezkoak dira, jakina, baina barne kontrol zainduagoa ere bai, euskara ez baita aurrera joango etengabeki erdararen morroi eta menpeko gisa erabiltzen bada. Edalontzia bete behar dugu, noski, lasterrago edota geldiroago. Ez dezagun, edonola ere, barrukoaren kalitatea ahantz, hori edan behar duena intoxika ez dadin.

Xabier Kintana euskaltzain erandioztarrak gaur "Berria" egunkarian plazaratutako iritzi artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun