Kazetari, unibertsitate-irakasle, UEUko Kazetaritza sailburu eta euskal unibertsitatearen aldeko eragile gisa eta azken hamabost urteko pankartaren atzean emandako duintasunaren testigantzaz asko irakatsi badiguzu ere, pertsona aparta zarela azpimarratu nahi dugu orain guregandik urrutiratu zaituztela, eta maite zaitugula esan, eta Euskal Herrian, Unibertsitatean nahi zaitugula, 18/98 sumario madarikatuan bidegabe epaituak izan zareten guztiokin batera.
Itxaso Fernandez eta Arantza Gutierrez EHUko irakasle algortarrek gaur "Berria" egunkarian plazaratutako gutuna
Ostiralean albisteak zutaz hitz egiten harrapatu gintuen, Jexux Mari. Itxoiten genuen arren, ustekabeak harrapatu gintuen bere atzaparretan. Egia esan, ez genuen sinetsi nahi, zuk hainbatetan ohartarazi zenigun arren. Esperantza apur bat geneukan halako bidegabekeria ez zutela egingo, ez zintuztela, ez zintuztetela, kartzelara eramango. Baina horrela izan da, eta orain guri geratzen zaiguna bidegabekeriari erantzutea da, zuk irakatsi diguzun bezala. Ez dakigu maisuaren mailan egongo garen, baina saiatuko gara ez huts egiten, orain hainbatetan zugandik jaso dugunari erantzuteko txanda baita.