Getxoko Kultur Etxeak dei berezia egin die udalerriko biztanleei etxean dituzten argazkiak partekatzeko: "Getxoko argazkien artxiboan partikularrek eginiko ekarpenak eta dohaintzak daude. Nahi duenak San Nikolas Plazako liburutegian eman ditzake argazkiak. Bertan, kopia digitalizatua egingo dugu eta originala itzuliko dizugu". Izan ere, auzokideek egindako aportazioei esker, argazki-artxiboa, sortu zenetik, apurka-apurka hazi da eta gaur egun 8.000 argazkitik gora dauzka.
Baina, bestalde, argazkiak uzteaz gain, ikerketan ere laguntzea eskatu dute artxiboko arduradunek: "getxoztarren laguntza ezinbestekoa da erakusketako argazkietan ageri diren pertsonak eta lekuak identifikatzeko. Horretarako, erakusketan koaderno bat jarriko dugu. Bertan, jendeak informazioa eman dezake, datak zehaztu, pertsonak identifikatu, eta abar".