Albiste agentziek jakinarazitakoaren arabera, 14:00ak aldera hil da,
joan den larunbatean ustez bi etakidek tiroka zauritu zuten guardia zibila. Baionako Cote Basque erietxean koma sakonean egon da Fernando Trapero 23 urteko madrildarra, Capbretongo (Landak, Frantzia) aparkaleku batean tirokatu zutenetik. Buruan tiro bat zeukan. Gorpua bihar arratsaldean eramango dute Madrilera. Trapero guardia zibilaren erailketa gaitzesteko, Eusko Jaurlaritzak euskal gizartea deitu du bihar, 12:00etan, udaletxeen aurrean elkarretaratzeak egin ditzan. Bestalde, gaur 12:20an, Frantziako Poliziak ustezko bi etakide atzeman dituela ere zabaldu dute agentziek. Lozere departamenduko herri batean atxilotu dituzte biak, Chateneauf de Randonen hain zuzen. Tolosatik gertu dago herri hori, herrialdearen hego-mendebaldean. Polizia iturriek diote haietako bat Asier Bengoa Lopez de Armentia dela eta bestea Amaia Alonso. Gabillou (Dordogne, Akitania, Frantzia) herriko asteleheneko auto lapurreta saioarekin lotu dituzte gaurko bi atxilotuak. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioak, berriz, Capbretongo erasoarekin lotu ditu, "jendeak haiei buruz jakinarazitako ezaugarriek bat egiten dutelako atxilotuen itxurarekin". Azkenik, 18/98 auziaren harira Jose Luis Elkoro atxilotu dutela
jakinarazi du Berria.info agerkariak. Argazkian, gendarmeen kontrola Frantzian.