Igandera bitartean ehunaka liburu, disko eta kultur ekoizpen egongo dira aukeran Durangoko hiru azoketan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 5a, 19:43

Inaugurazio ekitaldi ofiziala 19:00etan izango bada ere, 10:30ean zabaldu ditu ateak Durangoko 42. Euskal Liburu eta Disko Azokak. Lan eguna izanik, gehienbat Ikastetxeetako ikasle (argazkian) eta irakasleak izan dira lehenengo bisitariak. Aurten umorea izango du ardatz azokak eta, horren adibide da, bihar bertan, Algortako Unai Elorriaga idazleak eta Itsaso, Xabi eta Fredi Paya anai-arrebek eskainiko duten "Oroimenaren lupa" bertso musikatuen emanaldia, 12:30ean. Eskaintza, gutxienez ez da faltan izango, igandera bitartean, Euskal Liburu eta Disko Azokaz gain, Euskal Dendaren 12. edizioa eta Sapuetxe gaztetxeak antolatutako VIII. Azoka Ez Komertziala izango baitu aukeran erosleak.

Gerediaga elkartekoek umorea gogoan izan nahi dute azokaren bost egunetan, "umorerik gabeko herria gorringorik gabeko arrautza delako", Jon Irazabal azokako zuzendariaren arabera. Besteak beste, inaguruazio ekitaldian, Andoni Agirregomezkorta “Vaya semanita” saioko aurkezlearen partehartzea nabarmendu dute. Egitarauan, bestalde, estreinaldi bi eta azken emanaldi bat azpimarratu dute Gerediagakoek. “Oroimenaren lupa” Paya neba-arrebek eta Unai Elorriagak prestatu dituzten bertso-musikatuen ikuskizun berria izango da. Horrez gain, “Sommer jaunaren istorioa” antzezlana ere Durangon estreinatuko du Txalo Produkzioak. Eta, aldiz, azken emanaldia izango du Zazpiak Batman Kolektiboak. “Laster Master: inkomunikazio ikastaro azkarra” hitzaldi umoretsua azkenengoz Azokan egingo dutelako. Musikari dagokionez, Euskal Greates Hits Gaua kontzertua nabarmendu dute. Durangaldeko Musika Taldeen Elkarteko kideekin euskal musika taldeen doinuen bertsioekin egingo dute kontzertu-maratoia. Izan ere, Landakon burutzen duen azoka honetan saltokiez gain makina bat ekitaldi izango dira, azokan bertan, Durangoko arte eta historia museoan, San Agustin kulturgunean eta Plateruena kafe antzokian.

Maiatz eta Ipar Euskal Herria

Argizaiola saria Ipar Euskal Herriko elkarte bati emango diote lehen aldiz Durangoko Azokan: Maiatzi, hain zuzen. 25 urte bete ditu aldizkariak eta 1982an lehen zenbakiarekin azokara joan zirenetik, urtero-urtero, izan da aldizkariaren azken alea ezagutzeko aukera. Horrez gain, "Ipar Euskal Herrian euskararentzat eta literaturzaleentzat egindako ekarpenak" ere goraipatu nahi dituzte Gerediaga elkartekoek 2007 Durango Argizaiola Maiatzekoei emanda. Ipar Euskal Herriak, gainera, protagonismo berezia izango du aurtengo azokan. Euskal Kultur Erakundearekin batera, Ipar Euskal Herriko argitaletxe eta diskoetxe gehiagok etortzeko aukera izango dute. Azokan bertan ere, fisikoki, elkarrekin erakutsiko dituzten euren liburu eta diskoak. Argizaiola saria emateko ekitaldia larunbatean egingo dute, San Agustin kulturgunean, 20:30ean.

Georgiako literatura

Georgia izango da herri gonbidatua. Euskal Idazleen Elkarteak eta Gerediaga elkarteak gonbidatuta, David Turashvili eta David Makradze idazle georgiarrak izango dira azokan. Hasieran, Nugzar Tsiklauri eta Tamar Ebralidze ziren etortzekoak, baina Georgiatik ateratzeko bisarekin arazoak izan dituzte, eta haien ordez, Turashvilik eta Makradzek parte hartuko dute azokan. Georgiako literaturari buruzko hitzaldia emango dute hilaren 8an.

Horretaz gain, liburu aurkezpenak, literatur errezitaldiak, musika emanaldiak eta bestelako ekitaldiak izango dira Durangon, gaurtik igandera. Omenaldiak ere bai. Esate baterako, Eva Forest idazle eta argitaratzailea, Jesus Atxa euskaltzalea eta Gerediagako Salvador Solaegi omenduko dituzte azokan. Aurten hil dira eta ekitaldi xume batean gogoratuko dituzte etzi, Elkartegian. Irakurketa batzuk eskainiko dizkiete, eta haien lanaz mintzatuko dira. Hori, ordea, ez da izango azokaren testuinguruan egingo den omenaldi bakarra. Bihar Joseba Sarrionandia gogoratuko dute zenbait sortzailek. Erbestean den idazlearen senideei omenaldia egingo diete.

Nobedadeei dagokionez, 554 liburu eta disko berri izango dira edizio honetan. Azokan izango diren argitaletxe, elkarte, diskoetxe eta erakundeen kopurua 161ekoa da eta 317 standetan banatuko dira. Horietako 14 erakusmahai teknologia berrien gunekoak izango dira. Azpimarratzekoa da, partaideen artean, 19 lehenengoz izango direla Durangoko Azokan.

VIII. Azoka Ez Komertziala

Azken urteotan bezala, Sapuetxe gaztetxeak abenduaren 6tik 9ra bitartean Azoka Ez Komertzialaren edizio berri bat hartuko du. Azoka hau 1999an abiatu zuten, “kulturaren merkantilizazioa” salatzeko eta kolektibo eta banatzaile antikomertzialeei “negozio kulturalari alternatiba” eskaintzeko, beraien materialen aurkezpen eta salmentarako toki bat eskainiz zein pertsonen arteko harreman sareak kontsumotik at kokatuz. Sapuetxen ez da “gehiegizko prezioak” dituzten edo helburu material hutsa duten materialak aurkituko eta bai, aldiz, dirua irabaztea helburutzat ez duten argitaletxe eta diskoetxeen materiala, tartean kapitalismoaren aurkako borrokan ekarpena egitea helburu dutenak. Azoka honen antolatzaileen arabera, “materialen prezioak eskuragarria izan behar du, kultura herrikoiaren zabalpenean mugarik ezarri gabe”, horregatik, “azoka honetan alternatibo gisa definitu daitezkeen arren, beren banaketa bidea komertziala duten materialek nahiz etekin ekonomikoak lortzea helburu dutenek ez dutela lekurik izango”. Azoka Ez Komertziala egunero 12etan zabalduko da eta saltoki bakoitzak jakingo du noiz itxi behar duen. Era berean, azokarekin batera hainbat jarduera izango dira, tartean egunero arratsaldeko 2:30ean egingo den bazkari beganoa.

Euskal Denda

Euskal Herriko artisautza azokarik garrantzitsuenetako bat den Durangoko Euskal Dendak ere gaur ireki ditu bere ateak. Ekarpen garrantzitsua da euskal artisautza tradizionalaren eta gaur egunekoaren hedapen eta sustapenerako. "Esperientzia horren bidez, gure artisautza tradizionalaren benetako irudia –sarritan baztertua izan dena– helarazi nahi diegu bisitariei, eta gure arbasoek egunero erabili ohi zituzten objektuak gaur egun oraindik erabilgarriak direla azaltzen eta erakusten dugu. Objektu horietako edozein, gaur egun, eskuragarri eta erabilgarria dela jakinarazteko eta erakusteko baliatu behar da esperientzia hori; objektu horiek egunero erabiltzeko edo oparitarako erabil daitezke, eta erabileran eta denboran zaharkiturik gera ez daitezen, metodologia berriak erabiliz birdiseinaturik daude. Horrexek behar du izan 12. Euskal Dendaren zeregin nagusia", azaldu dute antolatzaileek. Gauzak horrela, abenduaren 9ra bitartean egongo da zabalik, 11etatik 14:45era eta 16.30etik 20etara.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun