Gaur goizean Santa Klara egoitzan egin den ekitaldian, Eugenio Altazubiaga Areetako Santa Ana eta Mesedeetako Ama eleizetako parrokoak eskerrak eman dizkio Udalari, kanpaia emateagatik, eta tenplu berriaren kanpadorrean jarriko dutela gehitu du. Alabaina, hotsandiko uneetan baino ez duela joko zehaztu du. “Ekitaldi lau honek esanahi handia dauka guretzat, 30 urte igari ondoren, eraikin duinago eta enblematikoagora joango baikara, Santa Anako baselizaren ondoan, eta bere kanpadorrean ospakizunetarako deiak egingo dituen sinboloa jarriko dugu. Ricardo Blazquez artzapezpikuak datorren abenduaren 23an eskainiko duen lehenengo mezara Udalak bisita itzultzea espero dugu. Egun horretan tenplu ondoan hirugarren adinekoentzat eraiki den Ibaibide kluberako egoitza ere bedeinkatuko da”, azaldu du Altazubiagak.
Apaiza dirua eske
Txomin Bereziartua Santa Anako parrokoa zenak ere parte hartu du gaurko ekitaldian. Kanpaia Areetako parrokiara eramateko ideia eduki zuen berak eta Santa Ana eleiza berriaren sustatzaile nagusia izan da. Santa Kolomaren gaineko historia apur bat eta kanpaia lortzeko egindako gestioak gogoratu ditu eta, gainera, Ibaialde klubeko egoitza berriko altzariak erosteko dirua eskatzeko ere aprobetxatu du. Azkenik, Imanol Landa alkatea pozik agertu da, bere legegintzaldian kanpaia Santa Anara eraman ahal izateagatik. “Santa Anako auzokide bezala, auzoa aurrera egiten ari dela ikusteak poztu egiten nau, hemendik aurrera izera soziala duen egitura erligioso berria izango baitu. Kanpaiaren sinbolismoari dagokionez, esparru erlijiosoan norberaren baitan biltzeko eta barne hausnarketa egiteko deia egiten duelakoan nago, gure gizartean hain beharrezkoa den bake giroan", adierazi du udal agintariak.