Fernando Traperoren hilketa gaitzesteko dozenaka lagun batu dira eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 6a, 14:30

Dozenaka herritar batu dira gaur eguerdian Fernando Trapero guardia zibilaren hilketa gaitzesteko eskualdean egindako hainbat kontzentraziotan. Nabarmenena Negurin izan da, Getxoko udaletxearen aurrean. Bertan 90 bat lagun batu dira 15 minutuko elkarretaratze isila gauzatzeko. Besteak beste, Imanol Landa alkatea, Koldo Iturbe alkateordea, Marisa Arrue Getxoko PPko burua, Luis Almansa PSE-EEko bozeramailea eta Iñaki Zarraoa alkate ohia izan dira ekimenean Gabonetako apainketen eta "Bakea behar dugu" errotuluren azpian. Haiekin batera EAJ, PP, PSE-EE eta EA alderdietako kide ezagunak zein dozenaka herritar xume izan dira. Kontzentrazioa txalo artean bukatu dute eta, ondoren, Landak kazetariei adierazi die "ahalik eta lasterren" amaitu behar dela bortxakeriarekin, "hilketa eta sufrimenduarekin ez goazelako inora". Era berean, airean utzi honako galdera: "zenbat bizitza eta sufrimendu jasan behar dugu ETAk konturatzeko ez goazela inora?".

Bestalde, goizean Eudel eta Eusko Jaurlaritzak deitutako kontzentrazioez gain, bost elkarretaratze gehiago izango dira arratsaldean, Bakearen Aldeko Koordinadorak deituta: 19:30ean, Algortako Telletxe plazan; 20:00etan, Erandioko Irailaren 23a plazan, Astrabuduako Josu Murueta plazan, Plentziako Elizako plazan eta Sopelako Udaletxeko plazan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun