Sopelako
Munarrikolanda mendi taldeak irteera berria antolatu du abenduaren 16rako, igandearekin. Oraingoan, Urkiolako Natur Parkea zeharkatzea proposatzen dute, Baltzolako kobak eta Eskuagatx mendilerroa barne hartuz. Zeharkaldia Dimako Indusi auzoan hasiko dute. Lehenik eta behin, Baltzolako kobetara hurbilduko dira, Jentilzubi ospetsua ezagutzeko. Mendi martxak San Lorentzo baselizatik jarraituko du Olarreta mendixkaraino, hortik Ezkoagako landetara helduko dira, non elur zulo bat bisitatuko duten, Dima haranaren ikuspegiaz gozatzen duten bitartean. Gertuko aterpe batean atsedena hartu ostean, Errialtabaso mendi tontorreraino (1.018 metro) jarraituko dute. Eskuagatx mendilerroko gailur altuena da eta Anboto mendikatea ikusteko aukera dago hortik. Iturriotz mendixkara heltzeko mendilerro txiki bat zeharkatuko dute. Azkenik, Saibira igoko dute Urkiolako portuan bukatzeko. Ibilbidea, gutxi gorabehera, 6 edo 7 ordu bitartekoa izango da. Autobusa goizeko 7:30ean irtengo da San Pedro elizaren aurrean dagoen geltokitik. Bazkideek 11 euro ordaindu beharko dute eta gainerakoek 13 euro. Argazkian, Munarrikolandako mendizaleek igaz Autzara (Nafarroa) egindako irteera.