Parisera eraman dituzte Bengoa eta Santxez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 7a, 00:15

Efe albiste agentziak zabaldutakoaren arabera, atzo Chateauneuf de Randon herrian (Lozere, Frantzia) atxilotu zituzten Saioa Santxez berangoztarra (argazkian) eta Asier Bengoa gaur arratsaldean eraman dituzte Parisera, epailearen aurrera eramateko. Montpellierko polizia-etxean egin dute gaua. Bi haiek joan den larunbatean Capbretonen (Landak, Frantzia) bi guardia zibilen kontra izan zen tiroketan parte hartu zuten ikertzen ari da Frantziako Polizia. Ustezko hiru etakidek hartu zuten parte eraso hartan, bi gizonek eta emakumezko batek. Astelehenean, aldiz, bikote bat auto bat lapurtzen ahalegindu zen Gabilloun (Dordoina, Frantzia). Lapurreta ahalegin harekin lotzen du poliziak atzoko atxiloketa. Autoa lapurtzen ahalegindu zirenak Capbretongo tiroketan parte hartu zuten haiek berak zirelako ustea zabaldu zuten polizia iturriek. Frantziako Barne Ministerioak gaur esan du "segurua" dela bi atxilotuak Capbretongo tiroketan izan zirela. Gauza bera adierazi du gaur Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuaren Barne ministroak, "froga biologikoak daudelako". Marin Parisko fiskal nagusiak, baina, "zuhurtzia" eskatu du egiletzaz. "Oraindik goiz da atentatua egitea leporatuko dieten edo ez jakiteko", esan du Marinek. Bala frogen arabera, ustezko bi etakideei atzo atzeman zizkieten armak ez ziren erabili Capbretongo erasoan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun