Ikasle Abertzaleen balorazio oharra:
Gaur, abenduaren 6an, Konstituzio espainiarraren egunean, jai egun arrotzei intsumisoa eginez eta egutegi propioaren eta Hezkuntza Sistema Nazionalaren aldeko borrokan pausu bat gehiago eman dugu euskal ikasleok.
Herri Eskolen dinamika guztiz egonkortua dagoela esan dezakegu eta gainera, urtetik urtera gero eta gehiago dira jai egun arrotzetan klasera gerturatzen diren ikasleak. Iaz baino 300 bat gehiago aurten.
Tamalez, berriro ere jazarpen poliziala gogor salatu beharrean aurkitzen gara. Nafarroan Herri Eskola bat bertan behera geratu baita Polizia Nazionalaren mehatxupean, eta beste zenbait lekuz aldatu behar izan dira. Horrez gain, gaurko egunez jai egun arrotzei intsumisioa eginez eskolara joan diren zenbait ikasle identifikatu ditu Polizia Nazionalak Nafarroan (Biurdana, Eunate, Iturrama) eta Ertzaintzak Euskal Autonomi Erkidegoan Santutxu eta Basaurin bezala. Hain zuzen ere, Basaurin eskola kanpoan batuta zeuden ikasle guztiak identifikatu ditu polizia autonomikoak. Debako Herri Eskoletan eta Oarsoaldeko manifestazioan ere jarrera probokatzailea izan dute. Gasteizen, inor identifikatu ez arren, Herri Eskolak burutu diren tarte guztian zehar alboan izan dira, argazkiak ateratzen eta grabatzen.