Egunkaria auzian eragina izan dezake Botin ebazpenak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 7a, 02:33

Atzo, abenduak 6, 17 urte bete ziren "Euskaldunon Egunkaria"-ren lehen alea kaleratu zutenetik. Egunkaria 2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Egunkaria-ko 12 arduradun eta langile ohi ahozko epaiketa noiz hasiko zain daude, 40 urte arteko kartzela zigor eskaerekin. Hori dela eta, agerraldia egin zuen atzo Egunkariaren aldeko elkarteak Durangoko Plateruena kafe antzokian, Joan Mari Torrealdai buru zela. Besteak beste, Espainiako Auzitegi Gorenak Botin auziaren inguruan emandako ebazpenak Egunkaria-ren auzi ekonomikoan ez duela inolako eraginik adierazi zuten, kasu horretan herri akusazioaz gain, fiskalak berriki beste akusazio bat ere jarri duelako. Egunkariaren sumario nagusiaren auzian, berriz, Botin ebazpena baliagarri izan daitekeela adierazi zuten. Hori bai, epaia bere osotasunean ongi aztertu behar dela zehaztu zuten, bi kasuen artean ezberdintasunak baitaude. Sumario nagusi horretan, Joan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi eta Xabier Alegriarentzat 14 urteko espetxe-zigorra eskatzen du Dignidad y Justicia elkarteak, "erakunde terroristako kide" izatea leporatuta. Pello Zubiria eta Xabier Oleaga erandioztarrarentzat pixka bat zigor txikiagoak eskatzen ditu: kartzela zigorra bi urte laburragoa. Argazkian, Xabier Oleaga / Egunkariaren alde elkartea.

Auzitegi Goreneko Zigor Arloko osoko bilkurak Emilio Botin bankariaren, Santanderreko hiru zuzendariren eta 20 bezeroren aurkako auzia ixtea erabaki zuen, Espainiako Auzitegi Nazionalak 2006ko abenduan emandako epaia berretsita, fiskalaren akusaziorik gabe eta akusazio partikularrik gabe ahozko epaiketa egitea "ez delako zilegi". Erabaki horrek 'Ibarretxe' eta 'Egunkaria' auzietan eragina izan lezake, bi prozesuak egoera berean daudelako, hots, herri akusazioak baino ez du eskatu epaiketa hastea. Botin auziari buruz Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako lehenengo epaimahaiak kaleratutako autoak auzia artxibatzea erabaki zuen: herri akusazioak, epaiketa egiteko eskatu izana ez zela nahikoa adierazi zuen epaileak bere autoan, eta epaiketa egiterik ez zegoela, beste akusazioen eskaerarik gabe. Emilio Botin bankariaren auzia prozedura laburtuaren bidez bideratu zen, 'Ibarretxe' eta 'Egunkaria' auziak bezala. Aste hasieran, Gorenak erabaki hori berretsi zuen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun