Igandean eramango dituzte epailearen aurrera Bengoa eta Santxez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 7a, 16:57

Chateauneuf de Randon herrian (Lozere, Frantzia) atxilotu zituzten Saioa Santxez berangoztarra (argazkian) eta Asier Bengoa igandean eramango dituzte epailearen aurrera, hainbat albiste agentziek zabaldu dutenez. Bitartean, inkomunikatuta jarraitzen dute Parisko jendarmerian. Biei "gaizkileen elkarteko kide izatea" eta "armak edukitzea" leporatzen diete. Alabaina, Jean-Claude Marin Parisko fiskalaren arabera, "oraindik goizegi da" joan den larunbatean Capbretonen (Landak, Frantzia) bi guardia zibilen kontra izan zen tiroketan parte hartu zuten baieztatzeko. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak, ordea, "ziurtzat" jotzen du Bengoak eta Santxezek bi guardia zibilen kontrako tiroketan egon izana; Frantziako Barne Ministerioak bezala. Atxiloketak salatzeko 210 lagun egin zuten manifestazioa atzo Berangon, Santxezen herrian; eta gaur ere mobilizazioa dago deituta, 20:00etarako.

"Zuhur jokatu behar da, nahiz eta probabilitate handiak dauden hilketa horretako arduradunak izan daitezen", adierazi zuen atzo arratsaldeko prentsaurrekoan Jean-Claude Marin Parisko fiskalburuak. "ETAko kideak zirela baieztatu zutela, bai", baina Capbretongo hilketan parte hartu izana aitortu zutenik gezurtatu zuen Marinek. Tiroak Santxezek berak egin zituela ere zabaldu zuten hainbat komunikabidek. Baina, balen azterketatik atera duten ondorioa da, herenegun atxilotutakoek zeuzkaten armak ez zirela guardia zibilak hiltzeko erabiliak izan zirenak. Horrek pentsarazi die guardia zibilak hil zituen pertsona komandoko hirugarren kidea izan daitekeela.

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak, baina, "erabateko ziurtasuna" eman zuen, Santxez eta Bengoa Capbretonen izan zirela baieztatzeko. "Froga biologikoak" daudela zehaztu zuen atzo Madrilgo Kongresuan eskaini zuen prentsaurrekoan. ETAren Bizkaia komandoko kide izatea leporatzen diote berangoztarrari. Hainbat atentatutan parte hartzeaz akusatzen dute. Duela urte bat Zornotzan aurkitu lehergailuen ardura ere egozten diote Santxezi. Poliziak gehien bilatzen zituen ETAko kideetatik bat dela gaineratu dute. Haren atxiloketa "garrantzitsutzat" jo zuen Rubalcabak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun