18/98ko auziperatuek datorren ostegunean, abenduak 13, ordubeteko lanuztea (12:00etatik 13:00etara) egiteko deialdiari batu zaizkio gaur LAB, ESK, Hiru eta EHNE sindikatuak, auzia "astakeria judiziala eta politikoa" dela salatuz. Rafa Diez LABen idazkari nagusiaren ustez, "PSOEk bide errepresiboen aldeko apustua egiten segitzen du, eta horrek tentsio, konfrontazio eta sufrimendu gehiago baino ez du eragiten herri honetan". Euskal gizarteak "erantzun" egin behar duela iritzi dio Diezek, "marko demokratikora gerturatzeko aldaketa politikoa sortzen laguntzeko". ELAk, ordea, ez du ordu beteko lanuztearekin bat egin, "dei hori 18/98 Laguntza Taldetik kanpo egin baita, inorekin adostu barik". Jose Luis Elkororen asteazkeneko atxiloketarekin, dagoeneko 40 dira Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz atzemandako 18/98ko auziperatuak, eta hiruk atxilotu gabe jarraitzen dute: Nekane Txapartegi, Inma Berriozabal eta Mikel Zulueta. Lehendik preso zeuden Imanol Iparragirre, Ana Lizarralde eta Iker Beristain. Angela Murillo epaileak espetxeratzea agindutako 33 lagunen artean dira Paul Asensio Algortako semea eta Barrikako auzokidea eta Erandio eta Leioako campuseko irakasle Jexux Mari Zalakain.