Abenduaren 16an, igandearekin, Nekazal eta Abeltzaintza Azokaren 20. edizioak hartuko du erabat Leioako erdigunea. Besteak beste, nekazarien produktuen erakusketa, dastaketa eta salmenta izango dira Boulevardean eta Errekalde eta Jose Ramon Aketxe plazetan. Abereen erakusketa, berriz, Boulevardera mugatuko dute. Horrekin batera, hainbat ekitaldi eta jarduera antolatu dituzte: talo tailerra, paseoak poneyetan eta harrijasotzaileen erakustaldia egingo dituzte Errekalde plazan. Gainera, Idiazabal Gazta Jatorrizko Deituraren Bizkaitar Produktorentzako IX. Lehiaketa jokatu eta Leioako nekazari eta abeltzainei omenaldia egingo diete. Goizeko 10etan zabaldu eta arratsaldeko 3etan itxiko ditu ateak azokak.