Espainiako Konstituzioari azken agurra eman diote Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 7a, 20:39

"Espainiako Konstituzio maiteari" azken agurra eman zioten atzo gauean Sopelako 20 bat lagunek. 22:00ak aldera, hileta-martxa abiatu zen Mikelats kultur elkartetik kartoizko zerraldo bat zeramaten beltzez jantzitako lau lagunek gidatuta. Hil kutxaren barruan Konstituzioaren liburu bat azken loaldian murgiltzen zen bitartean, segizioan, apaiza, eliz-neskatila, negarretan aritu ziren alargunak eta hainbat auzokide ibili ziren herrian zehar, kandelak eta lore koroak eskuetan. Koro batean, "PP-PSOE zure familiaren partez" zegoen idatzita. Bestean, berriz, "EAJ-PNV-ko zure lagunek gogoan zaituztegu". Hileta, ordea, Udaletxearen aurrean egin zuten, hildakoari buruz azken hitzak bota zituztela, euskal herritarrek egutegi propioaren borrokan hil zutela gogoratuz. Sermoia bukatuta, maskarekin aurpegia estalita zeukaten bi lagunek egutegi propioaren aldeko pankarta zabaldu eta bengalekin su eman zioten zerraldoari. Ondoren, txokolatada egin zuten plazan, geroago hiletako material guztia batu eta alde egiteko. 20 bat minutu ondoren, berriz, Ertzaintzako hainbat agente gerturatu ziren eta zerraldo eta pankartak eraman zituzten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun