Azaldu genuen epaileen irizpideen arabera krimen kolektiboak burutu daitezkeela kriminal bakoitzaren partaidetza ziurtatu gabe, egunkari bateko langile guztiak kolaboratzaile bihur daitezkeela zerekin (edo norekin) kolaboratu duten jakin barik eta, ezjakinak izanik ere, urte askotako zigorra egotzi diezaieketela. Eta, harrigarria bada ere, azaldu genuen nahikoa dela eguraldiaren mapa bat etortzea talde «terroristen» mapa politikoarekin, mapagileak ere terroristatzat hartuak izan daitezen.
International PEN taldeak, 2004tik hona onarturiko erabakietan, beraren ardura azaldu du behin baino gehiagotan. Eslovenian argitara eman zuen ebazpena argia da eta bertan zeuden talde guztiek aho batez onartu zuten .
Orain, azkenean, epaia burutu da eta ikusi ahal izan dugu errealitatea larriagoa dela aurreikusitakoa baino: ezarri diren zigorrak ez dira fiskalak eskatutakoak baizik eta are handiagoak; ebazpena atera baino egun batzuk lehenago atxilotu dituzte epaitutakoak, eta ez da izan zitazio baten bidez, baizik eta banan-banan joan zaizkie poliziak etxera aurpegia estalita.
Lana izan bagenuen ere egoera hau guztia azaltzeko --non eta adierazpen askatasun eza zer den hobekien dakien taldeetariko batean, International PENen hain zuzen--, orain ez dakigu nola azaldu fiskalak eskatu zuela 7 urteko zigorra Jabier Salutregirentzat eta epaileak 12 urte ezarri dizkiola, eta Teresa Todaren kasuan 7 urte nahiko zigorra iruditu ez, eta 10 urtekoa ezarri dio; egunkari bateko zuzendari eta zuzendariordeari. Ez da frogatu krimenik egin dutenik, ez da agerian jarri legez aurka jokatu dutenik. Une honetan dakigunagatik, bi kazetarien bekatua da ETAren helburu politiko bera edukitzea, omen. Epailearen ustez, ordea, dena da ETA, aurkakorik frogatzen ez den bitartean.
Eslovenian mundu osoko idazleek adierazi zuten legez, guk ere esan nahi dugu prozesu hau guztia adierazpen askatasunaren aurkako atentatu nabarmena dela.
Esan nahi dugu ez dugula inolaz ere ontzat ematen ideien adierazpena egintza kriminala denik; ez dugu bidezko ikusten egunkariak ixtea delitu-zantzurik egon gabe, pertsonek delitua egitekotan ere (eta ez da kasua!) komunikabideek ezin baitute pairatu zigor prebentiborik, egunkari bat ixtea behin betiko zigorra baita, epaia burutu aurretik.
Azkenik, altu eta ozen esan nahi dugu ziurtasun osoa dugula Jabier Salutregi eta Teresa Toda ez direla terroristak, beren lana kazetaritzaren eta euskalgintzaren aldekoa izan dela eta ez ditugula kartzelan ikusi nahi, ez eurak ezta susmopeko epaiketaren ondorioz kartzelaturik dauden beste kideak ere.
Teresa Toda, bestalde, gure kidea da, PENkidea alegia, eta Euskal PEN 2004an birsortu zen unetik, Teresa Toda zuzendaritza-batzordekidea da. Urte hauetan guztietan etengabe jardun du adierazpen askatasunaren alde gu guztiokin batera.
Altu eta ozen esan nahi dugu ziurtasun osoa dugula Jabier Salutregi eta Teresa Toda ez direla terroristak, beren lana kazetaritzaren eta euskalgintzaren aldekoa izan dela eta ez ditugula kartzelan ikusi nahi, ez eurak ezta susmopeko epaiketaren ondorioz kartzelaturik dauden beste kideak ere
Paul Bilbao, Lutxo Egia, Asel Luzarraga, Laura Mintegi, Paddy Rekalde, Asier Serrano, Joseba Tobar-Arbulu eta Urtzi Urrutikoetxea Euskal PEN Klubeko kideek atzo "Gara"n argitaratutako artikulua