Saioa Santxez eta Asier Bengoa espetxeratu dituzte "erailketa"gatik auziperatu ondoren

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 10a, 15:05

Saioa Santxez eta Asier Bengoa ustezko etakideak espetxera bidali zituzten atzo Laurence Le Vert eta Marie-Antoinette Houyvet instrukzio epaileek pasa den abenduaren 1ean Capbreton-en bi guardia zibil "erail" izana, "helburu terroristak duen gaizkile elkarte" baten kideak izatea, "bahiketa", "armak erabiliz egindako lapurreta" eta "lapurreta saiakera", "armak hartu, garraiatu eta edukitzea" eta "agiri faltsuak erabiltzea" leporatuta. Bi atxilotuak atzo 15:00ak aldera agertu ziren epaileen aurrean, Parisen, baina auziperatzeko erabakia ez zen ezagutu gauera arte. Ondoren, espetxera bidali zituzten. Bestalde, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bidez salatu duenez, Santxez Iturregik eta Bengoa Lopez de Armentiak "bost egun polizien eskuetan egin ondoren" pasa ziren epaileen aurretik. Berangoko bere senide eta auzokideek ere egindako mobilizazioetan bere arrangura azaldu zuten inkomunikazio egoeragatik. Argazkian, abenduaren 6an Berangon egindako manifestazioa.

Fiskaltzak auziperatzea eskatu zuen bistan, horretarako hainbat zantzu aurkeztu zituztela: Capbretondik ihes egin zuten ustezko etakideen autoan agertu ei den hortzetako eskuilan Bengoaren ADNa omen zegoela; beste ibilgailu batean aurkitutako bala-zorroak guardia zibilek jaso zituzten balekin bat zetozela, antza; ihesean erabilitako autoetan jasotako hatz-markak eta Capbretonen jasotakoak berdinak ei direla; Saioa Santxezen itxura hainbat lekukok egindako deskripzioarekin bat zetorrela orrazkeran, ile kolorean, belarritakoetan, jakan eta praketan, albiste-agentziek zabaldutakoaren arabera. Halere, Frantziako Fiskaltzak ezin izan du Centeno eta Trapero guardi zibilak hiltzeko erabili zen pistola aurkeztu, Santxez eta Bengoak zituztenak ez baitatoz bat bala-zorroekin.

Azkenik, Jendarmeriak ustezko hirugarren etakidearen bila jarraitzen du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun