Bizkaiko kostaldeak jasaten ari den ekaitzaren eta 7 metrora heltzen diren olatuen eragina Uribe Kostara heldu da goizean. Besteak beste, Arriluzeko kaia itxi behar izan dute, eta pertsonek eta ibilgailuek debekatuta daukate hortik igarotzea, herri-lanetarako kamioiak izan ezik. Handik gertu, Getxoko Kirol Portuan, haizeak murruko porlan zatiak erauzi eta espaloian zehar zabaltzeaz gain, bertako pasealekuko zuhaitzak kaltetu ditu. Gainera, bertako hainbat lokal ureztatuta gelditu dira, Itsasoaren olatuak haietan sartu ondoren. Kalteturiko tokien artean Aquariumeko lehenengo solairua dago. Era berean, pasa den larunbatean Endeavor merkataritza-ontzia kruzeroentzako kaian porturatu behar izan zen, zeraman hainbat ontzi kubiertara erori ostean. Herbehereetako Endeavorrek 135 metro luzeran eta ia 7.700 tona ditu. Garraiatzen dituen 700 ontziek Santurtziko kaia dute helmuga. Argazkian, olatu bat Algortako Portu Zaharreko murruaren kontra apurtzen.