"Urte hauetan zehar, nahiz eta UPV ikasle presoei eskaintza egiteko prest egon eta EAEko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak eta Hezkuntza Sailak eskubide hau onartu, UPVk ez du lortu Madrilgo Espetxe Zuzendaritzaren baimena espetxeetan ikasketak eskaini ahal izateko", gogoratu dute Presoen Aldeko Taldeek. Hori dela eta, ikasketak gauzatzeko modu bakarra UNEDen bitartez daukate presoek. Horren eskaitzari "eskasa" deritzo PATek, euskaraz ikasteko aukerarik ez dagoelako, Espainiatik kanpoko ikasleak ez dituelako onartzen (Frantziako espetxeetan dauden presoen kaltetan)...
Presoen Aldeko Taldeek (PAT) kaleratutako oharra:
Abenduak 18, asteartea: Ikasle Presoen Eguna
Estatu Espainolean espetxeratuta dauden euskal preso politikoek ikasteko eskubidea urratua dute. Izan ere, 2003an PP eta bere esku dauden indarrek (komunikabideak, hainbat eragile...) aurrera eramandako kanpaina baten ondorioz, UPV eta Espetxe Erakundeen arteko hitzarmena apurtu egin zen.
Urte hauetan zehar, nahiz eta UPV ikasle presoei eskaintza egiteko prest egon eta EAEko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak eta Hezkuntza Sailak eskubide hau onartu, UPVk ez du lortu Madrilgo Espetxe Zuzendaritzaren baimena espetxeetan ikasketak eskaini ahal izateko.
Ondorioz, Espainian espetxeratuta dauden euskal preso politikoei ikasketak burutzeko geratzen zaien aukera bakarra UNEDen bitartez ikastea da, eta hemen ikasteko aukerari dagokionez, ondoko puntuak izan behar ditugu kontuan:
-UNEDek ez du ikasketarik eskaintzen euskaraz; ikasi nahi duenak, beraz, bere hizkuntzari uko egin beharko dio.
-Frantziako espetxeetan dauden ikasleak ez ditu onartuko UNEDek.
-UNEDek hainbat karrera ez ditu eskaintzen, eta presoek, beraz, ikasketak erdian utzi eta beste batzuk hasi beharko dituzte.
Horrez gain, ezaguna da Madrilgo UNEDen funtzionamendu eskasa eta horri gehitu behar diogu presoak espetxez aldatuta izango direla urtean behin edo birritan azterketak-eta egiteko.
Estatu Espainolak ez du nahikoa presoak urrundu edo isolatzearekin, ikasteko eskubidea bezain oinarrizkoa den eskubide bat ere ukatzen die. Oinarrizko eskubide hau eta beste hainbat sistematikoki urratzen dituen estatu bati ezin dei diezaiokegu estatu demokratikoa.
Eskubide urraketa hau gogor salatzeko, Presoen Aldeko Taldeok (PAT) Ikasle Presoen Eguna antolatu dugu abenduaren 18rako, asteartea. Euskal Herriko fakultate eta eskola unibertsitarioetan mobilizazio eta jarduera anitz burutuko dira. Horrez gain, kontzentrazio eta ekitaldi bateratu bat egingo da 12:00etan Bilboko Plaza Zirkularrean, bertara irakasleak eta presoen senideak ere azalduko direlarik.
Hau guztia azalduta, gonbita egin nahi dizuegu egun honetan parte hartzeko, eta gurekin batera Espainiar Estatuari exijitzeko preso politikoei ukatua zaien oinarrizko eskubide hau itzultzeko. Guztion partehartzea beharrezkoa da horrelako injustiziekin behin betikoz amaitzeko. Besterik gabe, egun honetan antolatutako ekintzetan elkar ikusiko dugulakoan agurtzen zaituztegu.
Ikastea eskubidea delako, ikasle presoak klasera!