Ibaizabalgo eskumalderako ospital berria Getxo udalerrian eraiki dadin lurra gordetzea aurreikusten duen proposamena aurkeztuko du laster Getxoko Udaleko PP Taldeak. Azpiegitura hori egitea Gasteizko Legebiltzarrak adostu zuen pasa den azaroaren 30eko osoko bilkuran, Juana Iturmendi legebiltzarkide popularrak egindako proposamen harira. Iturmendik ulertu zuen Urdulizen egitekoa den Sendatze Handiko Ospitale Zentroak ez zuela betetzen ekainean Osasun batzordean talde guztien artean adostutako Uribe Kostako ospitala egiteko erabakia, zentro horretan ez baitira oheak egongo. Hiruko Gobernuak berriz Urdulizko zentroa babestu zuen bertan ospitaleratzea behar ez duen kirurgia egingo baita. PSE-EEk, berriz, azaroaren 29an aurrekontu-akordioan Urdulizko zentroa defendatu zuen baina hurrengo egunean PPren proposamena bozkatu zuen, Uribe Kostarako 400 ohedun ospitala zehazten duena. Oposizioak onartutako ekimenak Urdulizkoa ordezkatzen duenetz eta Osasun Sailak zelan gauzatuko duen, berriz, ez dago argi.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!