Emakumezkoen eta gipuzkoarren nagusitasuna argi utzi duen bertso-paper lehiaketako helduen atalean, Alaia Martinek txapela, oroigarria eta 1.200 euroko saria lortu ditu "Apurka" bertso-sortarekin. Aurreko edizioan, 2005ean, Martin ere nagusitu zen, baina gazteen atalean, “Hirurehun eta bat” sortarekin. Martinen atzetik ibili da aurten Amaia Agirre villabonarra "Ama izan nahi dut" lanarekin, eta azkenik, kategoriako hirugarren postuan sailkatu da Aitor Albistur oreretarra, "Negar kanta" izeneko bertsoekin.
Gazteen atalean, Itxaso Payak Jone Uriari utzi dio Uribe Kostako ordezkaritza, kasu honetan, gainera, txapela eskuratzeko. Uriak "Erabakiak" bertso-sorta aurkeztu zuen eta, trukean, txapela, 300 euro eta garaikurra irabazi ditu. Baina, Aiherran Hernandorena Sariketan lehian egoteagatik ezin izan zuen saria larunbatean jaso. Arrazoi ezberdinengatik bada ere, gauza bera gertatu zitzaion "Mihuretako familia"rekin hirugarren saria eskuratu duen Mattin Lupu Ipar Euskal Herriko gazteari. Bestalde, Amaia Iturriotz 14 urteko urretxuarrak bigarren saria lortu du "Burkapetik" lanarekin.
Lan guztiak laster argitaratuko ditu Algortako Bertsolari Eskolak, baina, dagoeneko, Jone Uriaren "Erabakiak" lana irakurgai dago bertsolari getxoztarraren bitakoran.
Ale bikainak izan zituen bertso saioa
Azkenik, Josu Goikoetxeak dantzan jarri zituen Sustrai Colina, Jon Maia, Aitor Mendiluze eta Jexuxmari Irazu bertsolariak eta hauek, ordea, algarak eta melankolia tartekatu zituzten behin eta berriro ikuslegoaren artean. Ale bikainak izan ziren, besteak beste, Xabier Silveira eta Xabier Montoia "A las ocho en el Bule" eta "Euskal Hiria sutan" liburu-egileen arteko hizketaldia; Txiribitonek esanda Porrotxek eta Mirrik Pirritx eta Txirri zirriak egiten topatu zutenekoa; eta Gipuzkoako bertso txapelketako sarreran, Ilunben, Irazu, Maia eta Mendiluzeren arteko eztabaida, besteak norbera baino lehenago sar zitezen. Ona ere izan zen Colinak aldaketa klimatikoa ekiditeko egingo lituzkeen hiru gauzei buruzko bertsoak: herri honek bide eta trena direla medio duen aurrerapen eredua botatzea kasu; intsumisio mugimendua birziklatzea eta "herri honek duen umore, irriparra / eta momentu gogorrenetan / erakusten dun indarra" bere horretan mantentzea.
Baina, zalantzarik gabe, eguneko bertsorik hunkigarrienak Jon Maiak landu zituen Getxo Antzoki berria eraikitzeko laster botako duten antzokiari jarriak:
Hamaika aldiz etorri izan naiz / ni zinema honetara. / Ume garaian izango ziren / politenak, behar bada. / Gero denbora azkar joan da. / Hau ezin da bertan laga: / bota pantaila, eszenarioak, / pareta hona zein hara, / baina azkenean gorde, mesedez, / atze-atzeko ilara.
Pelikulekin sarri egon naiz / begia malkoz bustia. / Han irteten zen geure barruan / generaman ameztia. / Irteten ginen tarareatuz / filme haien abestia... / Orain, ordea, badoa dena... / Ez da hain gauza eztia. / Baina zutunik mantenduko da / pareta ez den guztia.
Bertsolariak, ene bertsoak, / horrenbeste bertso mota... / bertso eskolak hasieratik / mugitu zuen errota. / Alperrik datoz grua handiak, / haizeari gogor jota... / Ez dira aurkitzen, ez dira lortzen / (...) / Bertsoak beti daude airean / ezin dira inoiz bota.