Larunbatera arte dago Itziar Lopez Uralderen oroimenezko lasterketan izena emateko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 11a, 19:35

Abenduaren 16an, igandearekin, egingo dute Itziar Lopez Uralderen Oroimenezko XXIV. Lasterketa, Getxo Atletismo Taldeak antolatuta. Testigantzazko proba 10:30ean abiatuko da Fadura paretik eta, Berangoko mugetara iritsi ondoren, kiroldegira joango dira bueltan parte-hartzaileak. Bi kilometroko luzera du ibilbideak. Ordu erdi beranduago, berriz, federatuentzako lasterketari emango zaio hasiera, Fadura kiroldegiko etxe nagusiaren aurrean. Jolaseta aldera egin eta Areetan sartu ostean, irteera lekuratz abiatuko dira berriro ere korrikalariak. Bertan, atletismo pistari bira eman beharko dute helmugan sartzeko. Guztira 9 kilometro dira. Izen-ematea doakoa da eta lasterkari bakoitzari zenbakidun dortsala emango zaio. Lasterketan izena eman nahi dutenentzako epea abenduaren 15era arte izango da. Epez kanpo ez da izena ematea onartuko, ezta oroimenezko lasterketaren egunean ere. Dortsalik gabeko lasterkaririk ere ez da onartuko, eta ez dute sari eta dominarik jasoko. Igazko federatuen lasterketan Bouzza El Mastati marokoarrak irabazi zuen, gizonezkoen artean. Emakumezkoetan, berriz, aurreko urteko garaipena berretsi zuen Estibaliz Urrutia galdakaotarrak (argazkian). Hala ere, ezin izan zuen berak 1999an ezarritako marka apurtu.

Gizonezkoen probako irabazleak Euskadiko Kutxa sari nagusia eskuratuko du. Aurten 600 eurokoa da eta Tadeo Nadak ezarritako 26 minutu eta 49 segundoko marka hausten badu 600 euro gehiago izango ditu txapeldunak. Maderas Gandarias saria lehenengo emakumearentzat izango da. 600 euro horiez gain, 600 euro gehiago izango ditu irabazleak, Estibaliz Urrutiak berak ezarritako 30 minutu eta 58 segundoko marka hausten badu .

Dominak guztientzat

Bestelako sariak ere banatuko dira. Helmugara iritsiko den ororentzat oroitzapenezko dominak egongo dira eta maila bakoitzeko (gizonezkoa eta emakumezkoa) irabazleentzat garaikurrak. Gainera, gutunazal itxien sistemaren bidez elastikoak, kirol-materiala eta opariak banatuko dira. Algortako Telletxe plazara iristen den lehen lasterkariari, berriz, Tangora kafetegiaren sari berezia emango zaio. Coca Cola dastatzeko aukera ere egongo da. Testigantzazko proban, 1992 urtetik aurrera jaiotako lehen bi mutiko eta bi neskei ere garaikurrak emango zaizkie.

Izen-emateak hurrengo toki hauetan egin daitezke:

- Getxo Kirolak Fadura (Algorta)
- Kantxa Kirol Moda (Algorta)
- Alejo Uribe Kirolak (Areeta eta Astrabudua)
- Bikila (Bilbo)
- Sportlandia (Portugalete)
- Objetivo Sport (Santutxu eta Galdakao)
- Bizkaiko Atletismo Federazioa: 16.30etik 19.30era.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun