Doi-doi lortu arren, Maddalen Arzallus hendaiarrak lortu zuen pasa den larunbatean jokoan zegoen Hernandorena Euskal Herriko bertsolari gazteen arteko Sariketaren txapela. Izan ere, Arzallusek puntu erdia baino ez zion atera Unai Gaztelumendi añorgarrari Aiherrako Denen Etxean egindako lehian.
"Berria" egunkariak zabaldu duenez, Arzallusek iazko arantza kendu du. Orduan, bera izan zen txapelatik eta beste Gaztelumendi batengandik, Beñat Gaztelumendirengandik, puntu erdira gelditu zena. 2005ean, berriz, Oihana Bartra santutxuarrak eskuratu zuen txapela. Bertsularien Lagunek eta Beltzuntze elkarteak 120 bertsozalez osatutako publikoaz hornitu dute aurtengo lehiaketa, bertso-afariaren inguruan zortzi bertsolari gazteei so egon zena, tartean Uribe Kostako Arrate Illaro eta
Jone Uriari. Zoritxarrez, uribekostarrak lehenengo ariketak abestu ondoren ez ziren 16 eta 24 urte bitarteko bertsolarientzako txapelketaren finalean sailkatu. Haiek alboratuta, Eneko Bidegain, Beñat Soule eta Jokin Arregi epaileek Arzallus eta Gaztelumendirekin batera hirugarren geldituko zen Patxi Iriart eta Kristiñe Txoperena gero laugarrena izango zena sailkatu zituzten. Argazkian, goiko lerroan ezkerrean eta eskuinean, Arrate Illaro eta Jone Uria 2004an Gernikan / Jone Uria.