Lanuztearekin batera ostegunean hainbat mobilizazio izango dira eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 11a, 21:39

Joan den astean, LAB, ESK, Hiru eta EHNE sindikatuak batu zitzaizkion (EILASek atzo egin zuen beste horrenbeste), 18/98ko auziperatuek ostegun honetarako (abenduak 13) deitutako ordubeteko lanuzteari (12:00etatik 13:00etara), auzia "astakeria judiziala eta politikoa" dela salatuz. ELAk, ordea, ez du ordu beteko parorik egingo, "dei hori 18/98 Laguntza Taldetik kanpo" egin dela argudiatuta, "inorekin adostu barik". Gaurkoan, berriz, Batasunak, Eusko Abertzale Ekintzak eta Askatasunak, alde batetik, eta Segik, bestetik, bat egin dute deialdiarekin. Horretaz gain, lanuztearekin batera hainbat mobilizazio deitu dituzte eskualdean egun horretarako. Besteak beste, 12:00etan Areetako Xake plazan eta Leioako Boulevardean jarri dituzte hitzorduak; 19:30ean, berriz, Itzubaltzeta / Romoko Kolas plazan; eta, azkenik, 20:00etan Algortako Telletxe plazan eta, berriro ere, Leioako Boulevardean. Bitartean, Carlos Urquijo PPko legebiltzarkideak hilaren 13rako aurrikusitako "independentziaren aldeko" mobilizazioak debekatzea eskatu zion atzo Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari, "prentsan agertutako iragarkiak ikusita, Batasunak berak deituta baitaude" eta "istiluak izateko aukera baitago". Argazkian, Paul Asensio algortarra (eskuinean) 18/98ko beste auziperatu batzuekin, 2006ko otsailaren 18ko Bilboko manifestazioan / 18/98+.

Urquijok dioenez, "legez kanpoko erakunde batek ezin du ezertxo ere antolatu". Atzo zabaldutako oharrean, osteguneko ekitaldietan "istiluak egongo direla" ohartarazi zuen ordezkari popularrak, "aukeratutako leloa, 'Independentziaren bidean lotu borrokari. (Hacia la independencia comprométete en la lucha)', horrela adierazten baitu". Hori dela eta, "normaltasuna bermatzeko zer egingo duen" galdetu dio Javier Balza Herrizaingo sailburuari Alderdi Popularrak. Izan ere, "terrorismoa txaloka adoretzen dutenen desafio berritzat" jotzen ditu hilaren 13ko lanuzteak eta mobilizazioak Urquijok. Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako idatzian, "'Euskal Herriak ez du amore emango, independentziaren bidean (Euskal Hetrria no va a ceder en el camino hacia la independencia)' lelopeko manifestazio edo elkarretaratzeak Ertzaintzari komunikatu ote zaizkion" ere galdetu dute popularrek.

Navalcarneron daukate Asensio

Dagoeneko 40 dira Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz atzemandako 18/98ko auziperatuak, eta hiruk atxilotu gabe jarraitzen dute: Nekane Txapartegi, Inma Berriozabal eta Mikel Zulueta. Lehendik preso zeuden Imanol Iparragirre, Ana Lizarralde eta Iker Beristain. Angela Murillo epaileak espetxeratzea agindutako 33 lagunen artean dira Paul Asensio Algortako semea eta Barrikako auzokidea eta Erandio eta Leioako campuseko irakasle Jexux Mari Zalakain. Sabino Ormazabal, Fernando Olalde, Mario Zubiaga, (EHUko irakaslea ere bai), Alberto Frias, Xabi Otero, Iñaki Zapian eta Jose Luis Elkoro kalean dira behin behinean. Izan ere, hainbat hedabideren arabera, abenduaren 19an, 11:00etan, irakurriko du Angela Murillo epaimahaiburuak sententzia. Bitartean, Asensio Navalcarnero espetxeko (Madril) 4. moduluan daukatela jakin zuzen atzo bere senitartekoen ahotik UKBERRI.NETek. Txomin Gezuraga urriaren 17 eta 18ko polizia operazioaren harira espetxeratutako eskualdeko gazteetako bat ere badaukate bertan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun