Gizonezko bana atxilotu dute Bilbon eta Areetan genero indarkeria egotzita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 12a, 17:01

Ertzaintzak gizonezko bi atxilotu zituen atzo Bilbon eta Getxo udalerrian, bikotekideen aurka indarkeria delitua egin izana egotzita. Bi atxilotuak gaur goizean bertan utzi dituzte epailearen esku, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Polizia iturriek zabaldutako bertsioaren arabera, 43 urteko V.J.M.L. arratsaldean atzeman zuten Areetan, bikotekideari aurpegian jo eta ahiotz batekin heriotza mehatxuak egin ostean. Biktimaren esanetan, bikotekidea atzo goizean esnatu zen eta, batere arrazoirik gabe, bera itotzen saiatu zen. Halaber, ahiotzarekin heriotza mehatxuak egiten zituen bitartean, kolpe ugari eman zizkion aurpegian; ondorioz, begi bat belztuta utzi zion. Argazkian, azaroaren 25ean, Algortako Bilgune Feministak deituta egindako elkarretaratzea.

Gertakari horiek izan ondoren, gizonezkoa etxebizitzatik joan zen eta emakumeak une hori baliatu zuen SOS Deiak 112 Koordinazio Zentrora deitzeko. Patruila auto bat bertaratu zen berehala eta, biktima artatu eta gero, anbulantzia batek eraman zuen ospitalera. Bitartean, agenteak erasotzailearen zain geratu ziren, eta bertan atxilotu zuten arratsaldean.

Gauean ere beste eraso bat Bilbon

Bestalde, 23:00ak aldera, Ertzaintzak Bilboko bizilagun baten deia jaso zuen, laguntza eske, bikotekide ohia etxean indarrez sartu baitzitzaion eta "hilko zen hurrengo emakumea bera" izango zela esan baitzion. Bertara joan ziren polizia agenteek emakumearekin hitz egin zuten. Bikotekidearekin zuen harremana bertan behera utzi ondoren, harengandik jaso zituen mehatxuak eta indarkeria zirela eta, gela bat alokatu behar izan ziola jakinarazi zien neskak. Bien arteko desadostasunak ugariak zirenez, emakumeak askotan eskatu zion etxebizitzatik alde egin zezan. Haren ezetzaren aurrean, baina, iragan astelehenean giltzak kendu zizkion eta orduan gizonezkoak jo egin zuen eta heriotza mehatxuak egin zizkion.

Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, atzo gauean, erasotzailea etxebizitzara itzuli zen eta leiho batetik sartu zen bertara, pertsiana bat indarrez ireki eta kristal bat hautsita. Barrura sartutakoan, gizonezkoak (V.M.R. zela jakin zuten hura identifikatuta) parean aurkitu zituen altzari guztiak bota zituen eta emakumeak Ertzaintza ohartarazi zuen. Agenteek, gertakari horiek egiaztatutakoan, atxilotu egin zuten 50 urteko V.M.R., genero indarkeriaren delitu bat egotzita.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun